argia.eus
INPRIMATU
Del Burgok ustelkeria ikertzea saihestu nahi du
  • Gaur aztertuko du Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak Ignacio Del Burgo PPko diputatu ohiak PPNko gainsoldatak aztertzeko ikerketa taldearen aurka ezarri duen helegitea. Ekimenak “oinarrizko eskubideen defentsa” urratzen duela dio Del Burgok.

Lander Arretxea @larretxea 2013ko abuztuaren 21

Bildu eta Aralar-NaBai taldeen proposamena abuztuaren 5ean onartu zen izapidetzeko, eta irailaren hasieran da eztabaidatzekoa. Parlamentura eraman duten alderdiek ikerketa batzordearen xedea doitu dute: hasiera batean politikarekin lotutako nafarrei ordaindutako gainsoldatak ikertzea nahi bazuten ere, ‘Barcenas kasuak’ haizatutako dokumentuek Nafarroako politikariekin duten harremana izango du soilik aztergai.

‘Barcenas kasuak’ zipriztinduta

Ignacio Del Burgok lekuko gisa hartu du parte Barcenasen kontabilitateak abiatu duen epaian. Onartu duenez, 2001ean 3.000 euro eman zizkion alderdiak “ETAk etxebizitza suntsitu zion Elena Murillo UPNko zinegotziaren beharrei erantzuteko”. Aipatu ordainketa ageri da El País eta El Mundo egunkariek argitaratutako Barcenasen dokumentuetan.

Antzeko kasua da Calixto Ayesa Nafarroako Gobernuko Osasun-aholkulari ohiarena. PPren ustezko B kontabilitatean agertzen den gisan, 1991n eta 1992an 23.440 euro jaso zituela onartu zuen Ayesak. Bere hitzetan, aholkulari kargua hartzean dermatologia kontsulta itxi behar izan zuenez, alderdiak "konpentsatu" egiten zuen.