Espainiako Diputatuen Kongresutik diru gehien jasotzen duen parlamentari ohia da Jaime Ignacio Del Burgo, UPNko eta PPko diputatu ohia, 3.010 euro zehazki. 1989 eta 2006 artean izan zen diputatua Kongresuan.
Guztira 111 parlamentario ohik jasotzen dute hilero pentsio bat Legebiltzarretik, Europa Pressek zabaldu dituen datuen arabera. Erretiroa hartu ondoren gehienezko pentsioa jasotzeko adina kotizatzen ez badute, falta zaien kopurua Kongresuak jartzen die. Gutxienez zazpi urtez jardun behar zuten diputatu gisa pentsio hau jasotzeko eskubidea izateko.
2011n ezabatu zen pribilegio hau, krisiaren garai gordinetan herritarrei eskandalua iruditu zitzaienean halako diru sariak kobratzea aginte guneetatik sekulako murrizketak egiten ari zirenean. Pentsioa murriztu zen diputatu berrientzat, baina eskubide hori zuten diputatu ohiei mantendu egin zitzaien.
Pablo Castellano PSOEko eta Izquierda Unidako diputatu ohia ere 3.000 eurora iristen da hilero, eta hirugarrena Cristina Almeida da, 2.709 eurorekin. Hamaika diputatu ohik 2.000 eta 2.500 euro artean patrikaratzen dute hilero eta beste hamazazpik 1.500 eta 2.000 euro artean. Gainerakoentzat murriztuz doaz kopuruak eta azken zortzik 100 euro baino gutxiago jasotzen dute hilero.