argia.eus
INPRIMATU
‘Dekolonialismoa. Begiradak’ hitzaldia Bilbon, ‘Gure heroiak’ liburuaren bueltan
  • Ostegunean, hilak 13, Gure heroiak liburuaren harira hitzaldia emango dute ARGIAko kazetari Axier Lopezek eta Euskal Herriko emakume migratu eta arrazializatuen sareko kide Luciana Alfarok, Alternatibaren Bilboko egoitzan 19.00etan.

ARGIA @argia 2022ko urriaren 12a

Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia bat

ARGIAk irailean argitaratu zuen Gure heroiak. Elkanoren eta Euskal Herriko kolonialisten historia bat liburua, Lopezek idatzia Elkanoren mundu biraren bosgarren mendeurrenaren aitzakian. Euskal Herriko kaleetan kolonialismoarekin eta esklabotzarekin lotura duten pertsonaiek duten presentzia aztertu du, nazioartean sinbolo horien inguruan dagoen eztabaida Euskal Herrian ere beharrezkoa dela iritzita. Honela dio kontrazalean: “Hau ez da gure buruen larrutzea. Gu ez geunden han. Ordukoaz guk ez dugu ardurarik. Baina iraganean gertatutakoa hemen eta orain ospatzen dugunean, zuritzen dugunean, hango protagonistak leku pribilegiatuetan mantentzen ditugunean, orduan bai, ardura gurea da. Gu hemen gaudelako”.

Datozen asteetan hitzaldi gehiago emango dute Lopezek eta Alfarok, besteak beste Donostian (azaroaren 3an Alternatibaren egoitzan) eta Bilbon (azaroaren 10ean Zirika liburu-dendan).

> Liburuari buruzko informazio gehiago eta erosteko aukera, ARGIAren Azokan.