argia.eus
INPRIMATU
Cabacasen senideek ertzain gehiagoren inputazioa eskatzea aztertuko dute
  • Duela hiru urteko gertakarien egunean armamentu biltegiko arduraduna zen eta operazioan parte hartu zuen ertzain baten deklarazioa entzun ondoren, Iñigo Cabacasen senideek ertzain gehiagoren inputazioa eskatzea aztertuko dute.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko otsailaren 13a
EFE agentzia

Ertzaintzako eta Espainiako Polizia Nazionaleko bina kidek deklaratuko dute Bilboko Instrukziozko 10. Epaitegian ostegun eta ostiral bitartean Iñigo Cabacas auziaren harira. Gertaerak ikertu eta frogak biltzeko lehen fasean dago epaiketa.

Iñigo Gogoan Herri Ekimenak elkarretaratzea deitu zuen ostegunean epaitegiaren aurrean goizeko 9:30ean.

2012ko apirilaren 9an Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan gertatutakoa argitu beharko dute. Hiru urte beteko dira gertaerak jazo zirenetik, baina oraindik Cabacas auzia argitu gabe dago.

2012ko apirilaren 9ean Bilboko Athletic eta Schalke 04 futbol taldeek jokatu zuten partida ostean, Maria Diaz de Haro kalean bertaratutako ertzainak bortizki oldartu ziren Kirruli taberna inguruan zeudenen aurka. Horrela, Ertzaintzak botatako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas buruan jo zuen. Leherketaz buru hezurra apurtuta eta garuneko lesio larriak zituela heldu zen Iñigo Cabacas  gauerdiaren inguruan Basurtoko Ospitalera. Medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte, koma egoera egon zen gaztea.