argia.eus
INPRIMATU
Deklaratu du Auzitegi Nazionalean ‘La Haine’ hedabideko kazetariak
  • Edurne Correa La Haine-ko kazetaria astearte eguerdian aurkeztu da Ismael Moreno epailearen aurrean, eta uko egin dio deklaratzeari. Preso baten ongietorria Twitter bidez zabaltzeagatik ikerketa abiatu du auzitegiak, terrorismoari gorazarre egitea leporatuta.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 23a
Espainiako Auzitegi Nazionala. Argazkia: wikipedia

Correak berak jakinarazi du deklarazioa amaitu duela sare sozialen bidez: “Kalean, salbuespeneko auzitegitik igaro eta ez deklaratzeko eskubideari heldu ondoren. Kausa zentzugabea da, ez dute ezer, eta ad hoc egina dago La Haine eta ni jazartzeko”.

Madrileko Kazetarian Sindikatuko (SPM) ordezkariak auzitegian izan dira Correari elkartasuna adierazteko. Informatzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta jakinarazi dute Correaren abokatuak adierazi duela ez dagoela “ezer” kazetariaren aurka. Moreno epailearen eskuetan geratu da orain prozedurarekin jarraitu edo bertan behera uzteko erabakia

Terrorismoari gorazarre

Auzitegi Nazionalak ikerketa abiatu du Correaren aurka, terrorismoari gorazarrea egitea leporatuta, 2021eko abenduan Iñaki Etxeberria euskal preso politiko ohiaren ongietorriaren bideo labur bat Twitter bidez zabaltzeagatik. La Hainek salatu du prozedura informazio eta adierazpen eskubideen aurkakoa dela, eta baita euskal preso politikoen aurkakoa ere.