Merkataritza eta Inbertsio Itunen aurkako Ekintza Egun Global izendatua izan da apirilaren 18a. Mundu osoan mota horretako itunen kontrako mobilizazioak eta bestelako jarduerak izango dira; Europan, Euskal Herria barne, batez ere TTIPek –EB eta AEBren arteko hitzarmenak– izango du protagonismoa. Baita zerbitzuei eragingo dien TISAk, eta Kanada eta EBk dagoeneko adostua duten CETAk ere.
EAEn, Euskal Herrian TTIPari ez! kanpainak hainbat ekintza antolatu ditu egunaren karietara. Mobilizazio nagusia Bilbon egingo dute, apirilaren 18an, arratsaldeko 20:00etan: Moyua plazatik Arriaga antzokiraino joango den Argitasunaren Martxa. Horren aurretik, honakoak izango dira:
Araban:
Merkataritza eta inbertsio itunei buruzko informazio-mahaia izango da Gasteizko Urrezko Zeledonen Plazan (lehengo Posta plaza), egun osoan.
Bizkaian:
TTIPi buruzko mahai ingurua ikuspuntu politikotik, Elkanoko Unibertsitate Eskolan, Bilbon. Apirilaren 18an, goizeko 11:00etan. Alderdi politiko guztiei egin diete gonbidapena. Moderatzaile lanetan Unai Brea ARGIAko kazetaria arituko da.
Gipuzkoan:
TTIPi buruzko eztabaida egungo dute gizarte mugimenduekin (Askapena, Fracking Ez, Ekologistak Martxan, Steilas, Emakumeen Mundu Martxa) Donostiako Guardetxe Elkartean. Apirilaren 17an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Kontzentrazioa Donostiako Bulebarrean, apirilaren 18an, eguerdiko 12:00etan.
Iruñean eta Baionan deialdiak
Nafarroan ere hainbat ekintzarako deia egin dute. Asteburu osoan, TTIPi buruzko erakusketa ikusgai izango da REASek antolatutako ekonomia solidarioko azokan. Apirilaren 18an, 11:00etan, ATTACek eta Via Campesinako Paul Nicholsonek hitzaldia eskainiko dute itun transatlantikoak demokraziari eragingo dizkion kalteez.
Arratsaldeko 18:00etan manifestazioa egingo da, Iruñeko autobus geltoki zaharretik abiatuta.
Baionan, elkarretaratzea egingo dute Askatasunaren plazan, arratsaldeko 14:00etan, Stop TAFTA Pays Basque taldeak deituta.
Bertoko elikagaien alde
Bestalde, apirilaren 17a Via Campesinak deitutako baserritarren nazioarteko borroka eguna da, eta aurtengoa TTIP (TAFTA) hitzarmenaren aurkako jarrera agertzeko baliatuko dute. Hala, Etxalde mugimenduak ekitaldia egingo du Astigarragako Petritegi sagardotegian, eguerdiko 12:00etan, “Babestu ditzagun bertoko elikagaiak!” lelopean.
Antolatzaileen esanetan, TTIPek mehatxu egiten dio tokian tokiko elikagai ekoizpenari. Europan hiru sistema daude nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitatea kontrolatzeko: Jatorri Deitura Babestua, Adierazpen Geografiko Babestua eta Espezialitate Tradizional Bermatua. Etxaldek dioenez, AEBek lehia askearen kontrakotzat ditu hirurak, eta marka pribatuen alde egiten du. TTIP hitzarmenak ekar dezake identifikazio sistema horiek babes gabe geratu eta modu pribatuan erabili ahal izatea.