argia.eus
INPRIMATU
“Deiako zuzendaritzak esaten zigun murrizketak zirela kaleratzerik ez egiteko; azkenean, murrizketak eta kaleratzeak”
  • Deia egunkaria inprimitzen den Boroako inprenta (Zornotzan) itxi eta bertako 26 langileak kaleratuko dituela erabaki du egunkariko zuzendaritzak. Astelehenetik greban dira bai inprentako langileak, bai erredakzioko kideak ere. Deiako Langile Batzordeko ordezkari batekin aritu gara.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko martxoaren 15a
Argazkia: Deiako Langile Batzordeak

Zergatik hartu du inprenta ixteko erabakia zuzendaritzak?

Argudiatu dute inprentaren gastuak handiak direla eta egun batetik bestera esan digute inprentako langile guztiak kaleratuko dituztela, ez alternatibarik ez erdibiderik aurkeztu gabe, ez digute esan non inprimituko duten aurrerantzean. 2009tik murrizketak jasaten ari gara Deian eta enpresak esaten zigun murrizketak zirela kaleratzerik egon ez zedin; bada, azkenean, bai murrizketak eta bai kaleratzeak egingo dituzte.

Greban zaudete, bai inprentako langileak, bai erredakzioko kideak ere.

Astelehenean greba mugagabea hasi zuten inprentako langileek eta printzipioz astebeteko greba erredakziokideek. Babesa nahiko handia da eta pozik gaude jarraipenarekin, emaitza da kioskoetara ez dela Deia iritsi.

Kioskoetara ez, baina interneten argitaratu da Deia. Zuzendaritzak garbi jokatu duela uste duzu?

Ez, ez du garbi jokatu. Enpresak langileak ordezkatu ditu, zeren kolaboratzaileek ohi baino lan gehiago egin dute eta ez dagozkien lanak egin dituzte, egunkaria interneten atera ahal izateko. Zuzendaritzak ez du greba eskubidea errespetatu eta ELAk Lan Ikuskaritzan jarri du salaketa.

Zein puntutan daude negoziazioak?

Negoziazio mahaia osatu da, derrigorrezkoa delako, baina oraingoz ez da inongo aurrerapausorik eman. Mobilizazioekin jarraituko dugu aste osoan, eta espero dugu zuzendaritzak jarrera aldatzea. Gure helburua da lanpostuak defendatzea batetik, eta lan-baldintza duinak eskatzea bestetik, ez bakarrik inprentako langileentzat, Deiako plantilla osoarentzat baizik.