argia.eus
INPRIMATU
Dei Auzitegiak arrazoi eman dio CLPB Euskal Herriko Esne Kooperatibari
  • Axima Refrigeration enpresaren kontrako salaketa jarri zuen CLPB Euskal Herriko Esne Kooperatibak, Aldudeko Gasnategia gaizki eraiki izanagatik. Arrazoi eman die auzitegiak laborariei, eta milioi bat euro ordaindu beharko die enpresak. Kalte immaterialen atala, haatik, Baionako auzitegiaren esku utzi du.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko martxoaren 31
2014ko argazki bat, kooperatibako kideak gasnategiaren aitzinean (Argazkia: CLPB)

"Erabaki honek CLPB Euskal Herriko Esne Kooperatibari arrazoia ematen dio, eta baieztatzen du atzemandako makurren eta izandako ondorioen erantzulea dela Axima Refrigeration enpresa" irakurri daiteke Aldudeko Gasnategiak bidalitako oharrean. Aldudeko kooperatiba horri milioi bat euro ordaindu beharko dizkio Axima Refrigeration enpresak, 2014an gaizki egindako obrengatik. Martxoaren 29an ukan du epaiaren berri Aldudeko Gasnategiak: 2019an Baionako auzitegiak harturiko epaia berretsi du Paueko Dei Auzitegiak.

Kalte immaterialei buruzkoa, argitu gabe

Haatik, guztia ez du argitu Dei Auzitegiak. Hain zuzen, arazoak ondorioztatu kalte immaterialak ere leporatzen dizkio enpresari Behe-Nafarroako kooperatibak: 11 milioi euroko kalteak eragin dizkie aktibitateren eta salmentaren esparruetan, kooperatibaren kalkuluei segi. Baionako auzitegiaren esku utzi du zati hori  Dei Auzitegiak. Laborariek ez dute begi onez hartu: "Auzi berri bat egin dadin itxoin behar du orain kooperatibak, ekoizle guztiei dirua itzuli ahal izateko".

Egoera ekonomikoa dela eta, CLPBko laborariei ez zaie osoki ordaintzen esnea: "Ekoizleei esker irauten du gasnategiak" urtarrilean CLPPk errandakoaren arabera. 1970. hamarkadan sortu zuten kooperatiba, Ipar Euskal Herriko etxalde batzuetako behi eta ardi esnea biltzeko.

Autonomian aitzina egiteko, gasnategi bat eraikitzeko ideiari lotu ziren 2011n eta 2014an abiatu zuten Alduden kokaturiko aktibitatea. Ipar Euskal Herrian dabiltzan gasnategi handi eta industrialen parean alternatiba bat dute CLPB eta eredu industrialaren kontrako borroka eramaten dabilen egitura gisa ere ezaguna dugu.