argia.eus
INPRIMATU
Deforestazioaren eraginez Amazoniak bizi duen egoera larriaz ohartarazi dute
  • Berreskuratzeko gaitasuna galtzen ari da Amazonia, deforestazioak eta degradazioak larriki kaltetuta. Egungo egoeran, planetaren birika berdea deitu izan denaren zati handi batean karbono gehiago isurtzen da airera, xurgatzeko gai dena baino. Berehalako neurriak eskatu ditu ikerketa batek.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 06a
Argazkia: Forum Natura

Munduko baso tropikalik handienaren rola aldatzen ari da eta bide arriskutsua ari da hartzen, Sare Amazonikoaren RAISG erakundeak egindako ikerketa batek ohartarazi duenez. Deforestazio eta degradazio maila altua (batez ere Brasil eta Bolivian kontzentratuta) murrizten ari da basoak berreskuratzeko duen gaitasuna eta agortzen ari da ur erreserbak. Egunero 137 espezie hiltzen dira Amazonian, egoera larri honengatik.

Petroliogintza, zentral hidroelektrikoak, meatzeak eta nekazaritza eta abeltzaintza eredua mehatxu dira Amazoniarentzat, dio ikerketak.

Albiste ona da txostenaren arabera egoerari buelta emateko moduan gaudela oraindik, lehenbailehen neurriak hartuz gero, baina horretarako basoen garapena "garapen ekonomikorako estrategikoa" dela konturatu behar dira gobernuak.

Eskatutako neurrien artean daude batetik Amazonian ekintza estraktibista gehiagorako lizentziarik ez ematea, eta bestetik kontserbazioa eta berreskuratzea bultzatzeko baliabideak bideratzea, bereziki herri indigenei, zeregin horietan funtsezko aliatutzat hartzen baititu txostenak; “lurralde indigenen rola gakoa da klima larrialdiaren aurrean egokitzeko”.