Iruñeko Udalak Olentzero ospatzea debekatu zuenean, elkartasun ekimena abiatu zuten Arabako lautadan eta orain ohitura bihurtu da bi herri eta lurraldeen arteko topaketa. Nafarroako hiriburutik berrehun lagun inguru iritsiko dira larunbatean Asparreneko Albeiz kontzejura.
Apenas dozena batzuk lagun bizi dira Asparrenako Albeiz herri txikian,baina larunbatean garrantzia handiko ohiturari helduko diote beste urte batez: Olentzero eta Mari Domingik ongi-etorria egingo diete Iruñeko Arrotxapeatik trenean eta gutunak eskuan iritsitako berrehun bat laguni.
Nafarroan Olentzero jazartzen hasi zirenean hasi zuten elkartasun ekimen berezia Eginon, mugak eta debekua gainditzeko; ondoren, duela urte batzutatik hona indarra hartu du Albeizen eta ohitura bihurtu da, nahiz eta azken urteetan Iruñean Olentzero egiteko halako arazorik ez den izan.
Arabako erloju zahar eta bitxienetako bat gordetzen duen Albeizko eliz atarian bilduko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta haurrek haiekin hitz egiteko aukera izango dute. Herriko Lagunak elkartean, berriz, txokolatea, ardo beroa eta gaztainak prestatuko dituzte herritarrek bertaratutako guztientzat: "Festara batzen diren guztientzat giro ona ez da faltako", azaldu diote Arabako Aleari.