argia.eus
INPRIMATU
Debekatutako produktu kimikoak saltzen aritu zen Monsanto, Osasunarentzat kaltegarriak zirela jakin arren
  • Hainbat dokumentu legaletan azaltzen denaren arabera, Monsanto multinazionalak bazekien saltzen zuen produktu kimiko bat arriskutsua zela osasunarentzat, baina ez zuen merkatutik erretiratu.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 17a
Debekatutako produktu kimikoak saltzen aritu zen Monsanto, osasunarentzat kaltegarriak zirela jakinda.

PCB gisa ezagutzen den produktu kimiko toxikoak ekoizten eta saltzen aritu zen Monsanto zortzi urtez, osasunarentzat eta ingurumenarentzat arriskutsua zela jakin arren. 20.000 dokumentu batzen dituen artxiboan agertzen omen dira datuok eta bertan ikus liteke enpresak bazuela erakusten diren frogen berri.

AEBetako Washingtongo fiskal nagusi Bill Sherman-ek salaketa jarri dio multinazionalari auzi honekin lotuta, milioika dolarreko isuna eskatu du, PCBa garbitzeko. Sherman-en arabera “Monsantok bazekien arriskutsuak zirela, baina jendeari ezkutatu zion irabazi ekonomikoak lortzeko”.

Bifenilo policlorado-a (PCB) bizitza luzeko produktu kutsakorra da, Monsantok modu masiboan ekoiztu zuena 1935 eta 1977 artean. Txostenak dionaren arabera 1969an izan zuen enpresak informearen berri. El Diario.es-ek jorratutako albiste honetan ikus daitezke aferaren xehetasuna gehiago.