argia.eus
INPRIMATU
“Debekatu itzazue horrelako egitasmoak, emakume guztion sexu eta ugaltze eskubideen aurkakoak direlako”
  • Amarako talde feministak, Groseko Asanblada Feministak eta Plazandreok alderdiak agerraldia egin dute Amarako Askabide klinikaren aurrean. “Ia bi hilabete daramagu gatazka larrian hiriko gune honetan, baina urteak daramatzagu emakumeok eta Askabide klinikak jazarpena jasaten. Errezatzearen aitzakiapean, giza eskubideen murrizketak aldarrikatzen ari dira, legez kontra eta inpunitate osoz, hemen eta beste hainbat tokitan”, salatu dute.

Inaxio Esnaola Irutxuloko Hitza @irutxulo 2022ko ekainaren 01
Askabide klinikari babesa adierazi dio Amarako talde feministak. (Argazkia: Inaxio Esnaola)

Ohartarazi dutenez, Donostian ez ezik, Valentzian, Madrilen eta beste hainbat lekutan abortuak praktikatzen dituzten klinika ginekologikoen aurrean bukatzen diren protestak egiten ari dira. “Dagoeneko denok dakigu nor dagoen deialdi hauen atzean: eskuin muturra. Argi gelditu zen maiatzaren 6ko Irutxuloko Hitzaren astekarian argitaratu zen erreportajean”.

Gipuzkoako herritarrek manifestazio horiei “gogor” kontra egin dietela adierazi dute, eta horregatik ez dutela beste deialdirik egin Donostian. “Aukera hau aprobetxatu nahi dugu gipuzkoar guztiak zoriontzeko, eta adi jarraitzeko deia egiteko: ez dakigu noiz saiatuko diren berriro gure kaleetara itzultzen”. Herritarren jarrera “eredugarria” izaten ari bada ere, “oso kezkatuta” daude egoerarekin, deitzaileek “erabateko inpunitatearekin jokatzen” dutelako, “erakundeen inolako eragozpenik gabe”. Egoera horren aurrean, Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari galdera hauek luzatu dizkiete: “Noiz arte jarraituko duzue emakumeon oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekimen hauek onartzen eta baimentzen? Zein izango da zuen jarrera hemendik aurrera? Horrelakoetarako baimenak ematen jarraituko duzue? Herritarron esku uzten jarraituko duzue geure oinarrizko eskubideen defentsa, orain arte bezala?”.

Legeak dioena

Eragile feministek nabarmendu dute apirilaren 14tik legez kanpokoak direla abortuaren kontrako manifestazioak. 4/2022ko apirilaren 12ko legeak dioena gogorarazi dute: “Inork, haurdunaldia borondatez eteteko eskubidea oztopatzeko helburuarekin, emakume bat jazartzen badu ekintza gogaikarri, iraingarri, larderiatsu edo hertsagarrien bidez eta emakumearen askatasuna kaltetu, hiru hilabete eta urtebete arteko espetxealdi zigorra ezarriko zaio, edo hogeita hamaika eta laurogei egun bitarteko komunitatearen mesederako lanak”. Beraien ustez, indarrean dagoen legediak “nahikoa berme” izan beharko luke horrelako manifestazioak kaleetan ez ikusteko. “Abortua emakume guztion oinarrizko eskubidea da, eta erakundeak herritarren oinarrizko eskubideak babesteko daude, beste ezeren gainetik”.

Hori dela eta, udalari eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari ondorengoa eskatu diote: “Utzi  beste alde batera begiratzeari eta betearazi legea. Debeka itzazue horrelako egitasmoak. Lehenik eta behin, emakume guztion sexu eta ugaltze eskubideen aurka doazelako. Eta, bestetik, legez kanpokoak direlako”.