Euskal Herria Baterak jakinarazi duenez, Espainiako Gobernu Delegaritzak, COVID egoera aitzaki harturik eta honen inguruko segurtasun neurriak ezin bermatzea argudiatuta, debekatu egin ditu Aberri Egunean Iruñeko hainbat auzoetatik Gaztelu Plazaraino deitutako zutabeak.
Aurten, Euskal Herria Baterak, segurtasun neurri guztiekin herrietako plazak hartu, eta guztiok elkarrekin 12:30tan emitituko den keinua jarraitzera eta denon artean Txoriak-txori, Gernikako arbola eta Ikusi Mendizaleak kantatzera dei egin du.
Nafarroa luze zabalean hamarnaka ekimen kultural eta ekitaldi izanen dira herrietako plazetan keinua zuzenean jarraitu, eta abesteko. Iruñean ere deialdi ezberdinak burutuak zituen, horien artean aipatutako zutabeak. COVIDaren aurreko segurtasun neurri guztiak bermatu behar zituzten zutabeek, maskarilak, gela, distantziak... baina debekatu dituzte.
Igandean, apirilak 4, Errotxapea, Txantrea, Alde Zaharra, Mendillorri eta Donibane-Iturramatik ez da azkenean zutaberik egingo, baina hala ere, herritar orori Gaztelu Plazan 12:15tan burutuko den keinuaren jarraipen ekitaldian parte hartzeko dei egiten dio Euskal Herria Baterak "Euskal Herria batera aberri eguna, musikarekin, margolariekin, dantza ikuskizunekin eta abesten ospatzeko".