argia.eus
INPRIMATU
Debekatu beharko lirateke mugikorrak eskolan? Eztabaida piztu du Katalunian prestatzen ari diren legeak
  • Eskola eta institutuetan mugikorra erabiltzea legez mugatu nahi dute Katalunian. Gurean, zein da joera orokorra? Ipar Euskal Herrian, bigarren hezkuntza bukatu bitarteko ikasleek ezin dute smartphonerik eraman eskolara, baina Hegoaldean, ikastetxe bakoitzarena da erabakia.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko irailaren 20a
2019an Espainiako Gobernuak iragarri zuen eskola eta institutuetan mugikorraren erabilera arautzea aztertuko zuela. Argazkia: Forumbilding / Openverse

Ikastetxe bakoitzeko organo gorenak (irakasle, guraso eta ikasleak tarteko) erabakitzen du mugikorrak eraman ote daitezkeen eskolara, Hego Euskal Herrian. Ikastetxe ugaritan, jolas-garaian baino ezin dute erabili mugikorra ikasleek, baina zaila da kontrolatzea ikasgelan ez direla smarphonearekin ari. Ikastetxe askok zuzenean debekatu egin du zentrora sakelakoa eramatea, ikusirik ikastorduetan mugikorraren jakinarazpen soinuak despistatzen dituela ikasleak, jolas-garaian pantailara itsatsita pasatzen dutela denbora, eta maiz baimenik gabe ikaskide eta irakasleak grabatzen dituztela mugikorrarekin.

Debekatu ez, haurrei eta gazteei sakelakoa egoki erabiltzen erakutsi beha zaiela eta pedagogikoki tresna bikaina dela sinetsita daude, aldiz, mugikorra eskolan baimentzearen alde daudenak. Jolas-garaian bakarrik baimentzea ongi ikusten du hainbatek, norbere atseden ordua nahieran erabili daitekeela eta mugikorrak sozializatzeko eta munduarekin konektatzeko espazioak eskaintzen dituela argudiatuta.

Dena den, eskola askok argi du: konpetentzia digitalak lantzeari uko egiten ez badiote ere, mugikorra baimentzeak buruhauste handiagoak dakartza eta praktikan pedagogikoak ez diren bestelako erabilerak nagusitzen dira. Badira herriak non bertako institutuak elkartu diren mugikorren debekua adosteko.

Eskola askok argi du: mugikorra baimentzeak buruhauste handiagoak dakartza eta praktikan pedagogikoak ez diren bestelako erabilerak nagusitzen dira

Generalitateko Osasun sailak ere kezka agertu du, pantailak sortzen ari diren menpekotasuna dela-eta, eta horien erabilera arautzeko legea ari da prestatzen. Generalitateko Hezkuntza sailak, ordea, jarraitzen du defendatzen ikastetxe bakoitzak hartu behar duela erabakia, Hego Euskal Herrian egiten den moduan.

Frantziako Gobernuak mugikorrak haur, lehen eta bigarren hezkuntzan debekatu ostean, 2019an Espainiako Gobernuak iragarri zuen eskola eta institutuetan mugikorraren erabilera arautzea aztertuko zuela, eta eztabaida piztu zuen gaiak, baina azkenean ez zuten arautzeko urratsik eman.