argia.eus
INPRIMATU
Debaltseve ostean, Minsk-II ituna bizirik ote da Ukraina-Donbassen?
  • Donbasseko gatazkan murgildurik dauden alde guztiek hausnarrean darabiltzate orduotan Debaltseveko guduaren ondorioak. Errusiak disimulurik gabe laguntzen dituen Novorossiaren aldeko miliziek garaitu dute, OTANek lagundutako Kieveko armadak porrot larria jasan. Oraindik ez da ezagutzen zulo hartan erori diren gizonen kopurua, ez da txikia izanen. Eta orain zer?

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2015eko otsailaren 19a

Minsken otsailararen 12an sinatutako itunak bizirik ote dirauen da galdera nagusia. Konponbide diplomatikoari irekitako zirritu hura zabalik ote dagoen. Borrokak erabat baretu diren ere argi ez dagoen arren, jo dezagun gaur matxino errusiarzaleek gudua amaitutzat jotzen dutela. Lehen puntua zen armen isiltzea bestetan bai baina Debaltseven igande gauetik bete ez denean, epea gaurtik kontatzea onartuko dute alde guztiek?  Vladimir Putinek egunotan iradoki duen moduan, badaude baldintzak bigarren puntura igarotzeko, arma zamatsuenak frontetik urruntzea aurreikusten duen horretara?

Mendebaldeko agintari eta iritzi emaile nagusien artean bi joera dira nagusi aurreko asteetan bezala. Angela Merkelek aldarrikatzen duen real politik delakoaren aldekoek uste dute oraindik badela tartea, Barack Obamak aipatzen duen pazientzia estrategikoa ildo beretik doa. Aldiz, beste askok Errusiari Ukrainian mezu gogorragoa bidaltzea eskatzen dute; The Washington Postek editorialean dioen moduan “Europako liderrek ez dute geldiaraziko Errusiaren erasoa AEBko presidentea ez bada sendo agertzen. Ukrainarrak galdezka ariko dira ea beren herrialdearen zenbaterainoko zatiak erori behar duen Errusiako tropen mende Obama jaunak bazterrean utzi dezan bere pazientzia estrategikoa”. Britainia Handiko Defentsa ministroak, berriz, esan du “Vladimir Putinek Ukrainan erabili dituen taktikak errepikatu ditzakeela dagoenekoz OTANeko kide diren Baltikoko herrialdeetan”.