argia.eus
INPRIMATU
Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko
  • 6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen zaizkien soilik haurrei.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2025eko otsailaren 11
Debako Udala

Berriki kontatu dugu ARGIAn: 2 urtetik beherako umeak ezin dira Debako liburutegian egon; 2-6 urte bitarteko haurrek 16:30etik 17:30era ez bada, gainerako ordu guztietan galarazita dute liburutegian egotea; eta 15 urte bete arte goizez ezin dute liburutegian egon (7-9 urte artekoek 16:30etik 19:00etara dute baimendua liburutegia, 10-15 urtekoek 16:30etik 19:45era). 

Liburutegia Denontzat herritar taldeak neurri horiek (eta beste debeku batzuk) salatu eta aldatzeko eskatu ostean etorri da Debako udal gobernuaren erantzuna. Komunikatu batean espazioari egiten dio erreferentzia, bestelako berrantolaketa ahalbidetu dezakeen espazio gehigarririk ez dutela ere badio, eta aipaturiko neurriak aldatzeak “desoreka berriak sortu” litzakeela gaineratu du, “beste erabiltzaile talde batzuengan eraginez” eta “bizikidetza zailduz”. Espazioa “modu errealistan” kudeatuz, “udalaren ardura eta betebeharra da herritar guztien interesak eta beharrak zaintzea”, dio. Gaineratu du Ostolaza liburutegiko egoera ez dela “udal gobernuaren kapritxo bat, ezta irmotasun edo borondate falta kontua ere”, hogei urte baino gehiago zabalik daramatzan liburutegiak urte horietan jasotako esperientziaren isla baizik.

Harrigarria da, denen beharrei erantzuteko espazio antolaketa horretan haurrak direla kaltetu bakarrak, haientzako baino ez direlako debekuak

Harrigarria da, ordea, denen beharrei erantzuteko espazio antolaketa horretan haurrak direla kaltetu bakarrak, haientzako eta haien beharrentzako baino ez direlako debekuak. Helduek ez dute ordu mugarik, liburutegia zabalik dagoen bitartean. Gainera, udal gobernuak berak bideratutako azterketaren arabera, Debako haur eta gazte liburutegiko erabiltzaile kopurua batez beste 8 pertsona dira egunean (liburua entregatzera datozenak barne) eta 23 eserleku ditu haur liburutegiak.

Liburutegia Denontzat taldeak ARGIAri adierazi dionez, neurriak aldatzeak "bizikidetza zaildu" dezaketela irakurtzeak harritu ditu, kontuan hartuta liburutegi barruan bereizitako espazioa dela haur-liburutegia, hormak eta ate propioa dituena.

Liburutegia Denontzat ekimenaren beste eskaera batzuk ukatzeko udal gobernuaren komunikatuak ez duela arrazoirik eman dio taldeak: "Esaterako, 0-2 urtekoek Deban ezin dute erabiltzaile-txartela atera (beste herrietako liburutegietan bai); eta Debako haur liburutegian ezin da beste liburutegi bateko liburu bat ekartzeko eskatu. Zer ikusi du horrek espazioarekin? Edo adibidez, zergatik ezin dute haurrek margorik erabili haur liburutegian?"

"Debako haur liburutegian ezin da beste liburutegi bateko liburu bat ekartzeko eskatu. Zer ikusi du horrek espazioarekin?"

Komunikatuan, udal gobernuak dio gaia hiru aldiz landu duela zuzenean Liburutegia Denontzat taldearekin eta udal batzordean ere eztabaidatu dela. Herritar taldeak ARGIAri kontatu dio euren iritziz bilera horiek ez direla eztabaida eraikitzailerako gune izan: "Gure proposamen txikienari ere, aldaketak probatzeko aukerari ere, ezezkoa eman diote". Taldeak udal gobernuari eskatu dio herrian hausnarketa plan bat abiatu dezala: "Zer izan da liburutegia, zer da orain eta zer izan daiteke aurrerantzean; begirada irekia eta elkarlanerako borondatea beharko genuke".

Nork du azken hitza?

Afera honetan esku har dezala eskatzeko, EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Deban, Liburutegia Denontzat taldeko kideek sustatuta. Azken finean, ARGIAn kontatu genuenez, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuari dagokio Euskadiko liburutegi publikoen kudeaketa. Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuko buru Miguel Ángel Domingorekin harremanetan jarri zen ARGIA, baina ez dugu erantzunik jaso. Kontuak kontu, udal gobernuak garbi utzi nahi izan du bere komunikatuan: "Erabilera araudian edozein aldaketa egitea udalaren zuzeneko eskumena da".