Iazko ikasle kopuru bera (23 gazte), iazko ikasgelan, gutxieneko distantzia bermatu ezinik. Alabak bizi duen egoera horrek abiatu zuen Ainara Aranberriren borroka: administrazioari baliabideak eskatzeaz gain, soluzioak eskatzen ditu ikastetxean ere, eta irakasle, ikasketa-buru, zuzendari eta ikuskariarekin arrakastarik gabe hitz egin ostean, Debako guraso talde bat batu da borrokara. Kanpo espazioak erabiltzea, Oiongo eskolan bezala ratioak txikitzeko formulak aurkitzea, talde egonkorrak osatzea eta aire zabaleko jardueretan haurrek maskara kentzea eskatzen dute, besteak beste. Sinadura bilketa martxan dute.
Ainara Aranberri gurasoak kontatu digunez, Oiongo eskolako erreportajeak ireki zizkion begiak: hara deitu zuen, ikasketa-buruarekin hitz egin zuen, eta “gauzak beste era batera egin daitezkeela” ikusi zuen. Hori kontatu zuen bere alabaren ikastetxean, baina “ezinezkoa da erantzunarekin egin dut topo behin eta berriz”.
“Distantzia bermatzen ez bada, maskara uneoro jantzi eta kito”
Ikuskariarekin ere elkarrizketa surrealista izan zuela kontatu digu: “Ikasleen artean metro eta erdiko distantzia bermatzen ez den ikasgelan aritzea legala al den galdetu nion; hark esan zidan baietz, legala dela, ez daudela derrigortuta ratioak jaistera eta distantzia bermatzen ez bada, maskara uneoro jantzita eraman behar dutela. Orduan, gehitu nuen nik, metro eta erdiko distantzia bermatuta dagoenean, ez dute maskara jantzita eraman behar? Kasu horretan ere, maskara behar dutela adierazi zidan”.
Pandemia garaian eskolan beste funtzionamendu bat behar dela ikusita, Aranberri eta beste hainbat guraso elkartu dira, eta sinadura bilketa abiatu dute, Debako Luzaro eta Mendata ikastetxeei eskaera zehatzak eginez. Bizikidetza talde egonkorrak nahi dituzte maila guztietan; ziklo guztietan kanpo espazioen erabilera aldarrikatzen dute; aire zabaleko jardueretan maskara kendu ahal izatea eskatu dute, segurtasuna bermatuz; jardunaldi trinkoaren aldekoak dira (beti ere, jangela zerbitzua eta ikastetxeko sarrera-irteera ordutegi bera mantenduz, kontziliazioari begira); eta gelako ratioak jaistea aldarrikatu dute: “Kasuak kasu, gehienez gelako 15 ikasleko ratioak nahi ditugu”.
Egindako presioari esker, ikastetxeotan mugimenduak nabari direla kontatu digu Aranberrik, irakasle batzuek agertu dutela kanpoko espazioetara ateratzeko asmoa, baina neurri gehiago biltzen ditu gutunak. Horregatik, sinadurak biltzen jarraitzen dutela eta ikastetxeek norabidea alda dezaten sinadura gehiago behar dituztela dio guraso taldeak.