argia.eus
INPRIMATU
Debako arte eskola ixteko arriskuan
  • Debako Artisautza Ikastegia, "Arte Eskola" izenaz ezagunagoa, betiko ixteko arrisku bizian dago. Horrela ikusi dugu ikastegiko langile guztiok ekainaren 7an Patronatuko Zuzendaritzarekin (Debako Udala) izandako bileran.

Hainbat egile* 2018ko ekainaren 26a

Bilera horretan ez dira inola argitu gure lanpostuen iraupenaz eta geroaz ditugun zalantzak, Patronatuko Zuzendaritzak erantzun ziurrik ez baitu eman. Hori horrela, eta gezurra badirudi ere, ikasturte amaieran gauden honetan, ekainean, ez dakigu oraindik ezta irailean gure eskolako ateak berriro irekiko ote diren ere. Udal-ordezkariek esandakoaren arabera Eusko Jaurlaritzak erdira murriztu du aurten gure eskolarako diru-laguntza, eta horrek biziki zaildu du eskolaren iraupena. Hala ere, Debako Udalak, langileen eskariz, konpromiso hau hartu du: Eusko Jaurlaritzarekin egingo du bilera, Arte Eskola irekita mantentzeko irtenbideren bat bilatzearren.

Gure eskolak 35 urteko ibilbidea egin du, eta gaur egun artisautza-irakaskuntzak ematen dituen zentro bakarra da. Izan ere, prestakuntza integral bat ematen da, tailer-ordu nahikoarekin, eta ondorioz eskolatik ateratzen diren artisautza-teknikariak behar bezala gaiturik daude artisautza-munduari banako erantzunak emateko, eta arteari zein irakaskuntzari irtenbide teknikoak emateko.

Institutuetan arte-batxilergoa sortu zenean, orduko irakasle gehienak gure ikastegitik igaro ziren, ezaguerak birziklatzeko edo eguneratzeko ( tailer-orduak ia guztiz desagertu dira arte-batxilergoetako oraingo prestakuntzatik).

Arte aplikatuak "artea" baino maila gutxiagokotzat jotzen direla sobera konturatuak gara. Era berean, artisauak ere gutxietsita daude; eta puntu horrekiko, esan behar dugu kidego horretan emakumeen kopurua nabarmena dela, eta ez dugu uste hori txiripa hutsez gertatu denik

Gaur egun arte aplikatuak "artea" baino maila gutxiagokotzat jotzen direla sobera konturatuak gara. Era berean, artisauak ere gutxietsita daude; eta puntu horrekiko, esan behar dugu bide batez kidego horretan emakumeen kopurua nabarmena dela, eta ez dugu uste hori txiripa hutsez gertatu denik.

Oraingo garai hauetan nagusi dira tituluak, master-negozioak eta komisariotzak; baina arte aplikatuetako goi-mailako eskola ofizialak sortzea gainditu gabeko irakasgaia da oraindik. Horrelako eskolak noizbait abiarazi behar badira, eta kultura eta hezkuntza hiriburuetatik deszentralizatzeko beharra kontuan hartuz, ondo legoke Deba eskualdetik hastea.

Gure ingurutik urrundu behar izan gabe ere, eta artearen munduari begiratu bat emanez, Jorge Oteizaren Apostoluen frisoa Arantzazun badago, harri-teknikarien lanari esker da; Nestor Basterretxearen eskulturarik ez genuke izango, ez bada zur-teknikarien lanagatik; Eduardo Chillidak ezin izango zituzkeen bere lurrak garatu, zeramika-teknikari baten esku-hartzerik gabe. Artista horien grabatuak ere ezin ziratekeen egin grabatu-teknikarien parte hartzerik gabe. Gaur egun harro sentitu gaitezke izen handiko artistak, besteak beste, Philippe Parreno, Cristina Iglesias, Miquel Barceló, Jaume Plensa eta abar Eibarko Alfa-Artera etorri direlako, beren piezak galdatzera; baina jakin behar dugu hori ezinezkoa izango zatekeen, aldez aurretik teknikariak prestatu ez balira.

Oraindik garaiz gaude gure eskuetan jaso dugun kultura-ondarea behar bezala preziatzeko, onbideratzeko eta alferrik galtzen ez uzteko.

Debako Artisautza Ikastegiko langileok.