argia.eus
INPRIMATU
Debagoieneko hondakinek
egunotan erakutsi digutena
  • Hondakinen kudeaketan Gipuzkoa egiten ari den paradigma aldaketa luze eta gatazkatsuan Debagoienak dauka asteotan protagonismoa. Bailara honetatik zabaldutako albisteetatik atera ote daiteke ondorioren bat? Gai honetan neutrala ez dela aitortzen duen kazetari honi bururatzen zaizkio batzuk.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko urtarrilaren 18a

- Atez Ateko bilketaren kontrako erreakzioetan Debagoienako plataformek jausi handia lortu dute, herritarren inplikazioan bezala ikusgarritasunean: firma bilketa gainditu eta zabor boltsak balkoietan eskegitzeko kanpaina Bergaran hasita bailaratik haratago ere heldu da, Donostiako Astigarragaraino esaterako. Marketin aldetik, kolpe ona.

- Debagoienan aste honetan eztabaidaren epizentroa Bergaratik Oñatira pasatu da, hemengo plataformak desegiteko erabakia plazaratu duenean. Oñatin sortutako 24 orduko lurrikaratxoan zer egon da egiatik eta zer manipulaziotik? Neurria hartu nahi dion irakurleak on luke argitaratu diren albisteei gainbegiradatxo bat ematea. Aurkitu ditugun guztiak ARGIAN hemen eta hemen bildu ditugu. Irakurketa on baterako pista: ondo begiratu Goienak publikatuei.  Agiri guztiak bildu dituzte osorik.

- Oñatin Atez Atekoaren alde 300 herritarretik gora egindako agerpen publikoa ere nabarmentzekoa da. “Eman aukera bat Atez Atekoari” manifestuaren bultzatzaileek eztabaida politikaren lerroetatik atera eta hondakinetan zentratzeko dei bat izan da, ondorengo lubiziak hein batean estali duena, geroak esanen zenbateraino.

- Atez Atekoaren kontra egoteko motibo ugari egon daitezkeen moduan, erreakzio horiek biltzeko plataformetan ere tonu ezberdinak egon dira eta daude. Debagoienetik kanpo, Legazpian esaterako sistema berria ezartzeko prozesua boikotatzea sustatu zuten. Aldiz, Oñatikoak desegiten dela iragarri duen oharrean bezala ondoren udal ordezkariekin egindako bileran eta adostutako idatzian bestelako tonua erakutsi du. Bailara berean, Arrasaten oso bestela joango dira gauzak bertako plataformak egun berean azaldutako jarreraren arabera.

- Alderdi politikoen artean Atez Atekoaren kontrako protagonismoa azken bi urteotan bere gain hartu badu Eusko Alderdi Jeltzaleak, Gipuzkoan ugaritu diren plataformak sustatuz beti, sortuz askotan eta ordezkatuz zenbaitetan, eta bide batez horrekin botoak bilduz, ondoko asteetan (EH)Bildurekiko talka ez dela gozatuko aurreratu du Maria Eugenia Arrizabalagak Berrian publikatutako artikuluan: “Atez Ate… irabazi arte“. Ordainetan, PSEk gai honetan oina azeleragailutik zerbait altxatzea erabaki duela dirudi. Aste honek eman du honetaz beste zantzu bat, ez ibarraren goienean baina Debabarrenean: mankomunitateko lehendakari sozialistak adierazi du ontzat emango dutela hala nahi duten udalek Atez Atekoa ezartzea.

- EAE mailako (eta Espainiako) jokaldi politikoek zenbat eragingo ote dute Gipuzkoako hondakinetan?

- Bilduko udalak eta aldundia lortzen ari dira gai hau nahikoa kontrolpean eramatea jasaten duten erasoaren erdian. Urrats berria honetan ere asteotan: EHBildu bezala funtzionatzen dute gero eta gehiago. Bergarako agerraldian erakutsi zuten, Maite Aristegi diputatua buru, eta are nabarmenago Oñatiko trumoialdian, EHBilduko lau alderdiak Donostian prentsaren aurrean aurkezturik. Argudioaren ardatz nagusietan nabarmendu zaizkie hauek: gaia liskar politikotik atera eta neurgai teknikoetan aztertzea, errauste plantarik ez egitea eta gaikako bilketaren emaitzak %80raino eramateko gai den edozein sistema edo aldagai kontutan hartzea.

- Oñatiko sikulusaltsaren egun berean eman dio Nafarroako Gobernuak Portland Valderrivasi Olatzagutian hondakinak erretzeko baimena. Donostialdean askok pentsa dezaketen baino eragin handiagoa edukiko du eztabaidak Gipuzkoan: Hitzak publikatu duenez “Birziklatu ezin diren hondakinak Goierritik 15 kilometrora erraustea onartu du Nafarroako Gobernuak”. Oñatitik askoz hurbilago dago Olatzagutia Zubieta baino.

- Asteotan aldatu ez eta ondokoetan ere kanbiatuko ez dena da nork erabakitzen duen Gipuzkoan bai gainerako hedabideen eta bai politikari guztien agendaren egun bakoitzari zein kanta dagokion: Diario Vascok. Honen doinuan egiten dugu dantza gainerako guztiok.