argia.eus
INPRIMATU
Debagoiena Zutik, gutun irekia
  • Zubietako errauskailuak 1.200.000.000 euroko kostua izango du eta gipuzkoarron poltsikoetatik ordainduko dugu. Debagoienean lortu dugun %80 inguruko birziklapen maila Gipuzkoa osora hedatuz gero, ordea, ez genuke zabortegi kutsakor eta erraustegi toxikoen beharrik.

Debagoiena Zutik @DebagoienaZutik 2016ko ekainaren 23a

Alde batetik, Epeleko zabortegiaz hitz egiten ari gara. Zabortegiaren kalifikazioa aldatu eta Gipuzkoa osoko zabor guztia guk pairatuko dugu. Bestalde, Zubietako erraustegian errefusaz gain mota guztietako hondakin birziklagarriak erreko dira eta bertan sortuko diren errauts toxikoek eta airera zabalduko diren partikula kutsagarriek, besteak beste, minbizia garatzeko arriskua handituko dute.

Argi dugu zein den arazo potoloa: gure bizitzen aurka doazen eta mundu mailan aplikatzen ari diren politika hauek, hain zuzen, troikak inposatzen dituen politika hauek, hemen EAJ eta PSEren Aldundiak jartzen ditu indarrean.

Guk, debagoiendarrok, Gipuzkoako beste herritarrekin batera azpiegitura txikitzaile eta kutsakor hauek biak gelditu nahi ditugu. Sinesten baitugu beste alternatiba batzuk gara daitezkeela.

Hauek dira Mankomunitate aurrean bildu garenok adostutako puntuak:

1-Erraustegia eta zabortegia gelditzera goaz.

2-Bizitza zentroan jarriko duen jendarte eredu bat bultzatu nahi dugu.

3-Gaur egungo bizitza ereduari alternatibak eskaini nahi dizkiogu.

4-Borroka ezberdinen elkargune izan nahi dugu.

5-Boterea indargabetu eta herrigintza ahalduntzera goaz.

Gipuzkoa mailan 3 astez eta Debagoienean 3 egunez, elkartu garen guztion artean ikusi dugu posible dela. Indarrez gaude. Debagoiena Zutik-ek herrietan lanean jarraituko du. Hemen ez da ezer amaitzen! Datozen hilabeteetan burutuko dugun Bizipoz Turrera gonbidatu nahi zaituztegu eta iraila sorpresaz beteta etorriko da!

Hau gelditzea posible da. Ustelak lurpera!!! Bizitza erdigunean kokatzea erabaki dugu.

Ez gaitezen lo geratu urrian Zubietako errauskailuaren obren esleipena dator eta. Debagoiena zutik, orain ala inoiz!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbidera