argia.eus
INPRIMATU
Dimititu egin dute txertoa hartu zuten Debabarreneko ESIko zuzendaritzako bi kidek
  • Gipuzkoako Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) zuzendaritzako bi kidek, Iratxe Ocerinek eta Ana Bereziartuak, dimisioa aurkeztu dute, ARGIAk baieztatu duenez. Mendaroko Ospitaleko zuzendari medikua da Ocerin eta Eibarko ospitaleko erizaintzako zuzendaria da Bereziartua. Biek COVID-en aurkako txertoa jaso ostean utzi dute kargua, polemikaren erdian.

Axier Lopez @axierL 2021eko urtarrilaren 28a

Beste bi dimisio izan dira Osakidetzako zentroetan txertaketa irregularrekin lotuta, Debabarrenako ESI Erakunde Sanitario Integratuko zuzendaritzako Iratxe Ocerinek eta Ana Bereziartuak dimisioa eman dute, txertaketarekin lotutako irizpideak hausteagatik eta beraiek txertoa hartzeagatik.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak asteazkenean egindako agerraldian adierazi zuen, Debabarreneko zuzendaritza-taldeko kide batzuek txertoa jarri zutela, dimititu duten erizaintzako zuzendariak eta zuzendari medikoak tarteko. Sagarduiren hitzetan, zuzendaritza-karguak izan arren, COVID-19rekin lotutako jarduera egiten dutenez, txertoa jartzeko irizpideen barruan zeuden.

Debabarreneko 76tik gorako biztanleen osasun zerbitzuen kudeaketaz arduratzen da ESI. Eskualde honek herri hauek biltzen ditu: Bizkaiko Ermua eta Mallabia, eta Gipuzkoako Eibar, Soraluze, Elgoibar, Mendaro, Deba eta Mutriku.

Bilboko Basurtu eta Santa Marinako ospitaletako kasuak azalerazi du txertoen banaketa irregularren gaia. Kasu horiek jakin ostean, irizpideen arabera txertoa hartzea ez zegoekin Gasteizko Santiago ospitaleko zenbait langilek txertoa hartu izana onartu du ospitaleko zuzendaritzak. Azken kasu honekin batera etorri dira Debabarreneko ESIko zuzendaritzako bi kideen dimisioak.

EH Bilduk Osasun sailburuaren eta kasuekin lotutako arduradun guztien dimisioa eskatu du.

(Albistea osatzen ari gara)