Labarretan pilatutako plastiko eta hondakinak bildu eta flyscha garbitzeko goiz pasa egingo du Mutriku, Deba eta Zumaiako euskal kostaldean dagoen Geoparkeak igande honetan. Ekintza hori, Europako Geoparkeen Astearen barruan programaturiko egitarauaren baitan antolatu dute.
Ez dira gutxi itsasoak kostaldera ekarri ohi dituen zakarrak, gizakion jardun eta axolagabetasunaren ondorioz iristen dira ibaietatik itsasoraino, eta indiferentzia berarekin itzultzen dizkigu, sarritan, itsasoak. Ingurumenean inpaktu handia duen arazo bihurtu da ozeanoetan pilatutako hondakinena, baina egungo gizarteak duen arazo estruktural handiago baten izebergaren punta baino ez da.
Geoparkeak urtero antolatu ohi du auzolana kostaldea hondakin horietatik garbitu eta herritarrengan "kontzientziazio" lana egiteko, eta aurten igande honetan jarri du zita, maiatzaren 29an, 9:00etan Elorriagako San Sebastian ermitan. Debatik autobusa aterako da 8:30ean eta Zumaiatik ere taldea irtengo da oinez, gidari batekin. Hortik Zumaia-Debako biotopora jaitsiko dira, labarretan, edo hobekiago esanda, harraldean –flyscha egitura geologikoa da, itsasoak bustitzen duen ingurune harritsuari harraldea deitzen zaio Zumaia inguruan– pilatutako plastikoak eta bestelako hondakinak biltzeko.
Geoparkeko arduradunek azaldu dutenez, helburua da "herritarrak ingurune horrek duen ingurumen balioaz jabetzea", eta auzolanaren bidez "partaide aktibo" izatea. Garbiketan parte hartzeko komenigarria da aurrez izena ematea.
Itsasoko hondakinen inguruko solasaldia
Ekimena Europako Geoparkeen Astearen barruan antolatu dute. Maiatzaren 19tik egitarau zabala ari dira jarraitzen euskal kostaldeko inguru natural hori ezagutarazteko: film proiekzioak, topaketak, irteera gidatuak, solasaldiak, eta abar.
Azken ekitaldia ekainaren 2an, ostegunarekin, izango da Itzurungo hondartzako terrazan, eta hain justu, itsasoko hondakinen arazoaz hitz egiteko solasaldia antolatu dute hainbat adituren parte-hartzearekin.