argia.eus
INPRIMATU
Deabruaren kontra ezin da bekatu egin
  • Paul Pelosik, Nancy Pelosi Ordezkarien Gaberako presidentearen senarrak, eraso larria jasan zuen joan zen ostiralean, goizaldeko ordu txikietan, bere etxean lotan zegoela. Gizaseme bat etxean sartu zitzaion, mailu bat eskuan zuela; emazteagatik galdezka, kolpatu egin zuen –garezur-haustura dauka Pelosik–, beronek Poliziari deitzea lortu eta erasotzailea atxilotu zuten arte. Etxean ez zegoen Nancyri eraso larriagoa egitea omen zen gaizkinaren asmoa.

Mikel Aramendi 2022ko azaroaren 04a
Nancy Pelosi eta Donald Trump. argazkia: Wikipedia

Horraino, labur, egitateak. Egundoko zalaparta sutu du jazoerak Estatu Batuetan, gertakariaren berezko kutsu politikoari gehitu behar zaiolako puri-purian dagoen hauteskunde kanpaina. Trumpismoaren mamu beltz nagusietakoa da Nancy Pelosi, eta politikagintza estatubatuarra blaitzen ari den indarkeria elitekoenganaino ere iristen ari dela ondorioztatu dute gehienek. Baina erantzukizunak esleitzerakoan, ez dago adostasunik. Eta ez du ematen galga emateko gogo handirik ere dagoenik, oraingoz, Biden presidenteak berak eite transzendentez hitz egin duen arren.

Izan ere, berehala hasi da zabaltzen, gutxi esateko, zitala deitu beharko genukeen sasi-azalpen bat: elkarren ezagunak zirela erasotzailea eta erasotua, eta liskarren bat eduki zutela, eta abar. Inolako datu sinesgarririk gabea, baina bozgorailu ahaltsuetatik jaulkia. Donald Trump, Elon Musk eta gisakoak ez direlako nornahi hedabideen kosmosean.

Baina Estatu Batuetako barne-politikagintzatik harago garamatza horrek. Obama presidente ohiak, etxera begira jarrita, “deabrutzeen arriskua” salatzen zuen jazoeraren harira. Bai, baina urrutira joan gabe, deabrutze horren beraren adibide bikainak, paradigmatikoak, baditugu AEBek aurkari edo endredo geopolitiko edo ideologikoen aurka gupidarik gabe orkestratu dituztenak. Instituzionalki, etenik eta eskrupulurik gabe. Esan liteke baliabide estrategikoa dela norbait/zerbait deabrutzea, eta nolabaiteko “katoia” ere badagoela horretarako: arazoak norbanako batengan fokalizatu, harekin zerikusia duen edozeren ikuskera negatiboa bakarrik adierazi, asmakeriak ereiteko erreparorik ez eduki...

Dinamika horren gakoa, hain zuzen, deabruan datzalako. Hura asmatu zutenek, oso tasun berezia –normalean, hitz lauz aitortzen ez dena, baina haren sinestunek zalantzan jartzen ez dutena– esleitu baitzioten “logikaz”: deabruaren kontrako jarduketan ezin da bekatu egin... txarkeriarik handienak eginda ere.

Oso erakargarria egiten du horrek deabruan sinestea, eta harekiko kidetasuna gogotik banatzea. Norbera benetako deabru bihurtzeko aukera paregabea da.