argia.eus
INPRIMATU
De Miguelen espetxeratzea berretsi du epaileak, ez baititu haren alegazioak onartu
  • Ustelkeria auziagatik kondenatuta dagoen Alfredo de Miguelek kartzela saihesteko alegazioak aurkeztu ditu, baina Arabako Probintzia Auzitegiak ez dizkio onartu, tramaren burua bera zela eta espetxean ez sartzeko aparteko arrazoirik ez dagoela argudiatuta, besteak beste. Erregu helegitea jartzeko hiru egun ditu orain De Miguelek.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 30a
De Migueli egotzi zaizkion delituetako batek bakarrik dagoeneko bi urte baino gehiagoko kartzela zigorra duela erantzun dio epaileak. Argazkia: EITB

Hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten Arabako EAJko bigarren buruzagi ohiari, baina gehienez bederatzi egingo ditu kartzelan. Espetxean sartu beharra bertan behera utzi nahi izan du De Miguelek, baina alarma sozial handia piztu duen kasua dela, egotzi zaizkion delituetako batek bakarrik dagoeneko bi urte baino gehiagoko kartzela zigorra duela, tramaren burua zela eta ez espetxeratzeko aparteko arrazoirik ez dagoela erantzun du epaileak. Horrez gain, De Miguelek indultu partzial bat du eskatuta.

Ustelkeria kasu berean inplikatuta dauden Koldo Ochandiano (zazpi urte eta sei hilabeteko kartzelaldira kondenatuta) eta Aitor Tellereria (bost urtera kondenatuta) EAJko kide ohiek berriz, osasun arazoak argudiatu dituzte kartzela ez zapaltzeko. Medikuaren analisiaren zain daude.

Bestalde, Iñaki San Juan Leioako EAJko zinegotzi ohiak lau urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra zuen, baina berari bai onartu zaio kartzelan sartu behar ez izatea. Komunitatearen aldeko lanak egin beharko ditu 347 egunez, edo bestela, 6.940 euroko isuna ordaindu beharko du.