Jaurlaritza legea betetzen ari dela eta kondenatuen lan kontratuak sententzia jaso bezain azkar etengo dituztela adierazi du Arantxa Tapiak. El Correo-k egun berean argitaratu duenez, urtarrilean ezagutu zenetik 53 egunera aurkeztu du Jaurlaritzak sententzia jasotzeko eskaera formala epaitegietan.
Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntza Batzordean eman ditu azalpenak Arantxa Tapiak, asteartean, Elkarrekin taldeak eskatuta. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Jaurlaritzaren jarduera defendatu du beste behin. Azaldu du Espainiako Epaitegi Gorenak urtarrilean jakinarazi zuen epaia ez duela jaso Jaurlaritzak oraindik: “Ez zaie jakinarazi ez akusatuei ezta Jaurlaritzari ere”. De Miguel Hazi fundazio publikoan ari da lanean, eta 12 urte eta 4 hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen ustelkeriagatik. Koldo Ochandiano burukide ohiak ere lanpostua mantentzen du arlo publikoan, Arabako Parke Teknologikoan, 7 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra jaso bazuen ere.
Tapiak ziurtatu du lehenago kanporatzea bi kondenatuen eskubideak urratzea litzatekeela, baina jakinarazpena jasotzean etengo dietela biei kontratua: “Arabako Probintzia Auzitegiak betearazpen-auto hori eskuratu bezain laster, De Miguel eta Ochandiano jaunen kaleratzea gauzatuko da”.
53 egun epaia eskatzeko
Tapiak adierazpen horiek egin dituen egun berean El Correo egunkariak argitaratu du Jaurlaritzak 53 egun itxaron dituela Arabako Probintzia Auzitegiari epaia formalki eskatzeko. Egunkariaren arabera, martxoaren 3an erregistratu zuten eskaera Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek. Epaia urtarrilaren 9an egin zen publiko, eta hurrengo egunean urtarrilak 10, Tapiak adierazi zuen “lehenbailehen” etengo zirela kondenatuen lan kontratuak.
Oposizioa aurka
Oposizioko taldeek ez dituzte balekotzat eman Tapiaren azalpenak. Sailburuaren agerraldia eskatu duen Elkarrekin taldeko David Sotok adierazi du kanporatzea posible ez balitz –Hazi fundazioko estatutuen arabera posible litzateke, ez delako espresuki aipatzen ustelkeriagatik zigortutako norbaiten epaia irmoa izan behar duenik kaleratzea gauzatzeko– bazirela bestela “konponbide estetikoak” behintzat, hala nola soldata etetea edo santzio motaren bat. EH Bilduko Josu Estarronak Jaurlaritzari leporatu dio luzamendutan aritzea, eta “lehen minututik” esku hartu behar zuela aurpegiratu dio. PPko Carmelo Barriok adierazi du Jaurlaritzaren jarrerak De Miguelen “erabateko defentsaren susmoa” ematen duela.