argia.eus
INPRIMATU
De Miguel auziko epaia, abenduaren 17an argitara
  • Epaimahaiak abenduaren 17an deitu ditu ustezko ustelkeria kasuko aldeak. Epaia saio irekian emango da jakitera.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 12a
De Miguel auziko auzipetuak

De Miguel auziko epaia abenduaren 17an egingo da publiko. Hala adierazi du asteartean kasua daraman epaimahaiko epaimahaiburu Jaime Tapiak, probidentzia baten bidez. Alde biak deitu ditu egun horretan Tapiak, 10:00etan Arabako Probintzia Auzitegian.

Epaia irakurtzeko saioa irekia izango da. Akusatu eta abokatuek ez dute derrigorrezkoa saiora joatea.

2018ko urtarrilaren 8an abiatu zen EAJko hainbat kide ohiren aurkako epaiketa, eta urte bereko abenduaren 19an epaiaren zain geratu zen. Epaimahaia ordutik ari da ebazpena prestatzen.

De Miguel auzia ezagutu den ustezko ustelkeria kasurik handiena da Euskal Autonomia Erkidegoan. 26 akusatu eta ehun lekuko baino gehiago daude. Akusatuen artean Alfredo De Miguel Arabako Tokiko Administrazioetako eta Finantzetako Lurralde Kontseiluko EAJko diputatu ohia, zeina 29 urteko kartzela zigor bati egiten ari den aurre. Berari eta beste 25 akusatuei, besteak beste, delitu hauek egozten dizkiete: eroskeria, dirua zuritzea, prebarikazioa eta dokumentuen faltsifikazioa.