argia.eus
INPRIMATU
‘De Miguel’ auziko defentsa akordio bila dabil, erruduntasuna onartzearen ordainetan
  • Alfredo de Miguel Arabako EAJko buruzagi ohia, De Miguel auziko akusatu nagusia eta ustez iruzurra egiteko enpresa-sarearen burua, astelehenean zen deklaratzekoa. Baina ez du egingo. Bi astez atzeratu egin da epaiketa, defentsa fiskalarekin akordioa lortu nahian dabilelako.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko irailaren 17a

26 lagun daude auzipetuta De Miguel auzian, Euskal Herrian sekula epaitu den ustezko iruzur kasurik handienean, horietako gehienak Arabako EAJri lotuak. Orain arte lekuko eta perituek deklaratu dute, baina udako etenaldiaren ondoren auzipetuen txanda zen eta ikusmin handia zegoen zer esango ote zuten, epaiketan zehar kontraesan ugari agertu baitira eta haien kontrako froga eta akusazio irmoak egon direlako, tartean Ainhoa Alberdi lekuko nagusiarenak.

Auzipetuen abokatuak –horietako asko alderdi jeltzalean izen eta esperientzia handikoak– saiatu dira lekukoen eta perituen lana ezbaian jartzen, baina ez dirudi halakorik lortu dutenik eta orain akordioa bilatu nahian dabiltza Josu Izaguirre fiskalarekin, erruduntasuna onartzearen truke euren kontrako zigorra jaitsi dadin.

Fiskala oso zorrotz aritu da epaiketan eta eskaera gogorra egin du hasieratik: De Miguelentzat 54 urteko kartzela eta gainerakoentzat 32 eta 4 urte artekoak. Dirua zuritu, legez kanpoko komisioak jaso eta hirigintza operazioekin iruzur egitea egozten diete.

Luze jo du epaiketak. Hasiera batean deklarazioen fasea urrian amaitzea espero zen, baina 150 lekukok eta 20 perituk hitz egin ondoren, gutxienez azaro amaiera arte ez amaitzea espero da orain. Gero epaimahaiaren deliberazio fasea etorriko litzateke, eta epaia udaberrian, udal eta foru hauteskundeen bezperetan. Auzian nahastuta daudenek jadanik ez dute EAJren karnetik, baina motxila pisutsuegia suerta liteke kanpaina egiteko.