argia.eus
INPRIMATU
‘De Miguel’ auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko
  • Arabako Lurralde Auzitegiak zigorra eten die bost lagunei, bi urte baino gutxiagoko kondenak dituztelako eta ez dutelako aurrekaririk. Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan fiskaltzaren iritziaren kontra hartu du erabakia auzitegiak.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko maiatzaren 25
De Miguel auziko epaiketan kondenatu nagusienekin batera. Argazkia: Foku / Jaizki Fontaneda

Euskal Herrian inoiz epaitu den ustelkeria kasurik handieneko, De Miguel auziko bost kondenatu ez dira kartzelan sartuko, Arabako Lurralde Auzitegiaren erabakiz. Ainhoa Bilbao, Iratxe Gaztelu-Urrutia, Jon iñaki Etxaburu, Josu Arruti eta Sergio Fernandez dira espetxea zapalduko ez duten bost lagunak.

Auzitegiak haien zigorraren exekuzioa gerarazi du, kontuan eduki baitu zigorrak bi urtetik beherakoak direla kasu guztietan eta delitua egin zutenean ez zutela aurrekaririk. Epaimahaiaren arabera beste hainbat baldintza ere bete behar dituzte horretarako, "sorturiko erantzukizun zibilak ordaindu izana" edo zigorra geldirik dagoen bitartean berriro deliturik ez egitea.

Fiskaltza aurka

Ainhoa Bilbao eta Iratxe Gaztelu-Urrutiaren kasuan, fiskaltzak kontrako iritzia dauka. Bilbao eta Gaztelu-Urrutia De Miguel sarearen buru egiten zuten Alfredo De Miguel eta Koldo Otxandiano EAJko Araba Buru Batzarreko kide ohien emazteak dira, eta fiskaltzak gainerako kondenatuak bezala espetxeratzeko eskatu du.

Fiskaltzak, Bilbao eta Gaztelu-Urrutiaren kasuan arrazoi nahikoak ikusi ditu espetxean sartu behar izateko

Kataia Consulting enpresa –haren bidez desbideratu zuten diru publikoaren zati handi bat kondenatuek– haien izenean zegoen jarrita, eta epaiketan zehar mailegatzaile hutsak zirela ziurtatu zuten arren, epaimahaiak kartzela-zigorrera kondenatu zituen. Besteak beste, frogatu zen lapurturiko dirua eskuz esku ibili zutela eta euren kontuetarako erabili zutela, Iker Riojak Eldiario.es-en gogorarazi zuenez.

Bi urtetik beherako kartzela-zigorra duten kondenatuak normalean ez dira espetxera sartzen, baina neurri hori ez da automatikoa eta kasu bakoitza banan-banan aztertu behar da. Fiskaltzak, Bilbao eta Gaztelu-Urrutiaren kasuan arrazoi nahikoak ikusi ditu espetxean sartu behar izateko.

Bilbaoren abokatuak isun ekonomikoa ez ordaintzeko eta kartzelara ez sartzeko eskaerak eginak zituen lehenagotik, legalki zituen hainbat aukera erabilita. Auzitegiak onartu egin die espetxean ez sartzeko eskaera hori, bai berari eta bai Gaztelu-Urrutiari. Gainera, bien kasuan kontuan izan du  adin txikikoen kargu daudela.