argia.eus
INPRIMATU
De Miguel auziaren ahozko epaiketa hasteko agindu du epaileak
  • Maria Eneida Arbaizar, Gasteizko 4. Instrukzio Auzitegiko epaileak, “De Miguel” auzian ahozko epaiketa has dadila agindu du. Halaber, 26 auzipetuetako batzuei kautelazko isunak ordaintzeko agintzen die. Kargu gehien leporatu zaion Alfredo de Miguelentzat, isun hori 16,5 milioi eurokoa izango da, fiskaltzak martxoan eskatu zuen 25 milioikoa baino dezente txikiagoa. Iosu Izagirre fiskalak ia 55 urteko espetxe-zigorra ere eskatu zuen De Miguelentzat.

ARGIA @argia 2016ko ekainaren 21a
Alfredo de Miguel auzipetu nagusiari 16,5 milioi euroko kautelazko isuna ezarri dio Maria Eneida Arbaizar epaileak.

Guztira 26 lagun daude auzipetuta, horietako asko Arabako EAJko egituretan aritutakoak. Ustelkeriarekin lotura duten 25 delitutik gora egozten zaizkie: legez kanpoko komisioak kobratzea, kapitalak zuritzea, inoiz eskaini ez ziren zerbitzuen truke kobratzea… Alfredo de Miguel, gainera, delituok egiteko xedez osatu zen sozietate-sareko burua izateaz akusatuta dago.

Fiskalaren arabera, Alfredo de Miguelek aldi oro zeuzkan ardura politikoak baliatu zituen –EAJren Arabako Buru Batzarrean zegoen–, beste auzipetu batzuen laguntzarekin, bere inguruan sozietate-sare hori osatzeko. Instrukzio-faseak halako 25 sozietate baino gehiago utzi zituen agerian.  

De Migueli ez ezik, Arbaizar epaileak fidantza handiak ezarri dizkie beste auzipetu batzuei. Halaber, gogoan izan behar da fiskaltzak 32na urteko espetxe-zigorra eskatu duela Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano Arabako EAJko kide ohientzat.