argia.eus
INPRIMATU
“De Miguel” auzia lehertu zuen Miñaoko Parke Teknologikoa orain ‘low cost’ alokairua eskaintzen
  • Arabako Parke Teknologikoak alokairu merkeen kanpaina jarri du martxan enpresak erakartzeko, eraikin huts ugari baitaude egun. EAJko hainbat buruk parke teknologiko horren eraikuntza baliatu zuten komisioak kobratzeko “De Miguel” kasuan.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 11
Miñaoko parke teknologikoa.

Miñaon dagoen Arabako Parke Teknologikoak iragarri du enpresa berriak erakarri nahi dituela eraikinak alokairu merkeetan eskainiz. Datozen lau urteetarako plan estrategikoan prezio “lehiakorragoak” eskainiko dituela iragarri du. Hain zuzen, orain erdi hutsik dagoen Miñaoko parke teknologikoaren eraikuntzako obretako komisioekin lehertu zen “De Miguel” kasua.

2009ko abenduan Ainhoa Alberdi enpresariak salatu zuen Alfredo de Miguel Arabako Diputatu nagusi ohi jeltzaleak eta Aitor Telleria EAJko buru ohiak estortsionatu zutela 100.000 euroko komisio bat eman ziezaien kontratu baten adjudikazioaren ostean. Alberdik zuzentzen zuen Miñaoko obrak kudeatzeko espresuki sortutako enpresa; enpresa hori bere kide Jon Iñaki Etxaburuk sortu zuen, eta hark praktika horiek onartuta zituen, El Mundo-ren arabera.

Hala azaleratu zen De Miguelek eta Telleriak, beste batzuekin batera, halako komisioak kobratzeko enpresa faltsu bat sortua zutela, Kataia Consulting. De Miguelen enpresa sareak 600.000 euro inguru jaso dituela uste du El Mundo egunkariak. Tartean orain erdi hutsik dagoen Arabako Parke Teknologikoaren eraikuntza obretatik jasotakoa, esaterako.