argia.eus
INPRIMATU
De Miguel auzia: koakzio delitua baztertu egin du Auzitegi Goreneko Fiskaltzak
  • Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren erabakia ez dator bat Arabako Fiskaltzaren irizpideekin, eta, beraz, De Miguel auzian ezarritako zigorrak mantendu edo murriztu ahal izango dira.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko ekainaren 17a
26 akusatuetatik 15 zigortu zituen Arabako Auzitegiak iragan abenduan (argazkia: Arabako Alea).

Arabako Fiskaltzak eskaera bat helarazi zion Auzitegi Gorenari, koakzio delituagatik ezarritako absoluzioa errekurritzeko, eta Arabako ustelkeria kasurik handienean abenduan ezarritako zigorrak handitzeko.

Auzitegi Goreneko Fiskaltzaren erabakiaren ostean, hainbat urtez luzatu daitekeen izapide berri honetan berrikuspen bakarra izango da posible: Arabako Probintzia Auzitegiak finkatutakoei eustea, eta baita kasazio-errekurtsoengatik zigorren beherapena edo absoluzioa ere.

Izan ere, abenduko epaian, epaimahaiak Ainhoa Alberdi salatzaileari "presio berezirik" egin ez ziotela onartu zuen, eta, hortaz, ez zuen zigorrik ezarri koakzio delituagatik.

Alfredo de Miguel Arabako EAJren agintari ohiari 13 urte eta 3 hilabetekoko zigorra ezarri zioten. Hala ere, gehienez bederatzi urte emango ditu kartzelan. Koldo Otxandiano -7 urte eta erdi- eta Aitor Telleria -6 urte eta erdi- ere zigortu zituzten. 26 akusatuetatik 15 zigortu zituen Arabako Auzitegiak, eta beste hamaika akusatuak absolbitu zituen.

Hainbat iturriren arabera, erabaki horren ondorio zuzenetako bat Aitor Telleriaren emaztearen absoluzioa mantentzea izango da, besteak beste.