argia.eus
INPRIMATU
De los Cobos guardia zibila tortura saioetan ikusi zuen euskal herritar batek
  • Pello Alcantarilla preso ohiak Berria egunkariari kontatu dio 2004an Madrilgo Tres Cantoseko komandantzian torturatzen zuten bitartean De los Cobos ikusi zuela: “Hor zegoen niri begira, zain, noiz etsiko nuen”. Telebistan identifikatu du guardia zibilen Madrilgo egungo burua.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 29a

Diego Pérez de los Cobos koronela kargugabetu egin du Espainiako Gobernuak, M-8ko manifestazioak eta Covid-19aren inguruko txosten baten harira. Lurrikara ekarri du Espainiako Barne Ministeriora kargugabetzeak eta auzi mediatikoa izaten ari da. Telebistan eta albisteetan sarritan ikusi behar izan du, 2004an guardia zibilak atxiloturiko Pello Alcantarillak, eta bere kasua kontatzea erabaki du.

Berriari azaldu dionez 2004an Burgosen kamioiarekin lanean ari zela atxilotu zuten ETArekin lotura zuelakoan eta Madrilera eraman zuten Tres Cantosera. Torturak hasieratik egin zizkioten, bai errepidean nola komandantzian bertan. Kolpe oso bortitzak, mehatxuak eta oihuak jasan zituen etengabe.

“Gracias comisario”

“Momentu batean amore eman nuen” dio Alcantarillaren lekukotzak, eta orduan ikusi zuen De los Cobos: “Hala esan zion ondoan zuenari: 'Gracias, comisario'. Lortu zuelako nik amore ematea. Atzean zegoen. Momentu horretan jada ez nengoen begiak estalita, begiratu nuen, eta atzean ikusi nuen”.

Hori eta gero tortura gehiago jasan zituen, harik eta bere buruaz beste egiten saiatu eta ospitalera eraman zuten arte. 2005ean Frantziako Estatura eraman zuten eta 2012 arte egon zen preso.

Azaldu duenez, duela bi hilabete identifikatu zuen telebistan: “Bera da”. Baina azkenaldian albisteetan hainbeste aldiz ikusi behar izateak orduko torturak gogorarazi eta “samina eta gorrotoa” eragin dizkiotelako erabaki du bizi izandakoa kontatzea.

Beste tortura kasuei lotuta

De los Cobosen ibilbidea eskuin muturrari –aita Fuerza Nuevako hautagai izan zen– eta tortura kasuei lotuta egon da. 1992an Kepa Urra torturatzeagatik prozesatu zuten beste hainbat guardia zibilekin batera, baina 1997an absolbitu egin zuen Bizkaiko auzitegiko epaileak.

2004an Alcantarilla torturatu zutenean, Tres Cantoseko polizia judizialeko burua zen. Komandantzia horretan tortura kasu oso larriak gertatu izan dira urte askoan, esaterako, 1993an Gurutze Iantzi heriotzara eraman zutenak, 1999an Nekane Txapartegi bortxatu zutenekoa, edo 2003an Euskaldunon Egunkariako atxilotuena.

2006an Barne Ministerioarentzako aholkulari lanak egiten hasi zen De los Cobos eta, besteak beste, 2017ko urriaren 1eko guardia zibilen erasoaldia diseinatu zuen Katalunian.