argia.eus
INPRIMATU
DBHra pasatzean mugikorrik ez duten gazteak gero eta gehiago dira, familiek hala adostuta
  • Datuek erakusten dute joera apurtzea lortzen ari direla etxe (eskola) ugaritan. 11-12 urterekin ia gazte guztiek mugikorra izatetik igaro gara adin horretan smartphonerik ez duten ikasleak gehiengoa izatera hainbat ikastetxetan, guraso taldeen ekimenari esker: Zarauzko ikastolan %84ak ez du, Usurbilgo Udarregin %80ak, Donostiako Zurriolan %75ak baino gehiagok ez dauka, Ibarrako Uzturpen %70ak…

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko urriaren 16a
"Hautsi dugu ohitura! DBH1en smartphoneak gutxiengoa dira", ospatu dute Donostiako Zurriola ikastolan.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen mailara igarotzen den gazteak mugikorra izatea ohikoa zen duela gutxira arte, eta oraindik ere, ohikoa da lanketarik egin ez den ikastetxeetan. Joera hori aldatzen ari dira, baina, han-hemenka ikastetxeetan hedatu diren taldeak: gurasoak elkartzen dira eta adosten dute seme-alabari mugikorra emateko adina atzeratzea, eta elkarrekin adostuta, errazagoa da, mugikorrik ez duen haur bakarra izatearen presioa desagertzen baita (Usurbilgo Udarregiko kasua kontatu genuen ARGIAn).

Orio, Segura, Zumarraga, Mutriku… datutan

Lanketa horretan buru-belarri ari den Altxa Burua ekimenari datuak eskatu dizkiogu, DBHko lehenengo mailara zenbat gazte igarotzen den mugikorrarekin, eta bide oparoa egiten ari den Gipuzkoako Altxa Buruatik erantzun digute. Nabari dira fruituak: "Oro har ikusten duguna da tokiko taldeek lan egin ahala, emaitzak azkar lortzen ari direla". Orioko ikastolan %78ak ez du smartphonerik DBH1en, Berrobin %63ak, Donostiako Luberrin %62ak, Seguran %56ak, Bergarako eskola batean %75ak eta beste batean %57ak, Zumarragako La Sallen %22,79ak, Mutrikuko Goizeko Izarran %32ak eta herri bereko Samielan ez dago inor mugikorrik ez duenik DBHko lehenengo mailan.

"Denok dakigu zein zaila den ohiturak haustea. Taldean elkarrekin egiten badute, lortuko dute. Atzetik datozen familia eta ikasleentzat eredu izan daitezela"

“Hautsi dugu ohitura! DBH1en smartphoneak gutxiengoa dira”, ospatu dute Donostiako Zurriola ikastolan. “Denok dakigu zein zaila den ohiturak haustea. Jarrai dezatela horrela pausoz pauso smartphonea emateko adina ahalik eta gehien atzeratzen. Taldean elkarrekin egiten badute, lortuko dute. Atzetik datozen familia eta ikasleentzat eredu izan daitezela”.

Guraso talde eta ikastetxeetatik harago, herriko beste eragile batzuk inplikatzea ere lortu dute hainbat herritan, mugikorra edukitzeko adina atzeratzeko borrokan. Guraso eta lagunekin komunikatu beharra ez dadin aitzakia izan, esaterako, "Gurea erabil dezakezu" pegatina identifikagarria duten Tolosako denda eta eraikin publikoetan bertako telefonoa erabil dezakete haur eta gazteek, dei bat egin nahi badute. Mugikorra gainean eramateko premiari aurre egitea da helburua, kontatu genuenez.

Hori bai, seme-alabari mugikorra emateko unea iristen denean, zein ezaugarridun gailua da egokiena, zein baldintza eta erabilera adostu ditzakegu, zer saihestu behar dugu? Izarkom telekomunikazio kooperatibak ateratako gidaz idatzi genuen ARGIAn: Lehenengo mugikorra noiz, nola eta zein baldintzapean?