argia.eus
INPRIMATU
DBHko ikasleak literaturzaletzea helburu duen irakurketa-lehiaketa aurkeztu dute
  • Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei lotutako erronkak gainditzen joango dira on-line joko batean. Sariak ere prest dituzte.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2024ko azaroaren 26a

Malinc eta Sodobnost argitaletxeek abiatu zuten ekimena Eslovenian, duela zazpi urte. Harrera ona izan zuela-eta, Portugalera, Ipar Mazedoniara eta Euskal Herrira zabaldu dute, eta herrialde horietako hainbat argitaletxeren artean diseinatu dute jolasa. Euskal Herrian, Alberdania argitaletxeak hartu du gidaritza, eta Galtzagorri haur eta gazte literatur elkartearen bidez egindako pilotajearen ostean, parte hartu nahi duten guztiei zabaldu diete orain atea.

Paperean irakurritako liburua oinarri hartuta, on-line garatzen den jolasean datza proiektua. Hiruko taldeak egin, jolasteko avatar edo pertsonaia bat aukeratu, eta planteatzen zaizkien erronkei egin beharko diete aurre nerabeek. Irakasleek material ugari izango dute eskura, proiektua lantzeko, eta eurek bai jakingo dute liburuak zein diren (gazte literaturari lotuak denak, Alberdaniakoak), baina parte-hartzaileei ez dizkiete liburuen izenburuak jakinaraziko, ariketak egin ahala asmatu egin behar baitituzte. Horrez gain, liburuen inguruko asmakizunak, irakurri dutenari buruzko gogoeta eta elkar-trukeak, sormen-lanak… egin beharko dituzte parte-hartzaileek, lehiaketan aurrera egiteko.

Hezkuntzan ohikoa den Moodle plataforman garatu dute jolasa, eta puntu gehien dituen taldeak Irrisarri Landera txangoa irabaziko du. Lehen hiru taldeek, gainera, literatur sariak ere jasoko dituzte.

"Papera vs. pantaila dikotomia apurtu eta irakurzaletasuna sustatzeko pantailez ere baliatzea izan da asmoa"

“Papera vs. pantaila dikotomia apurtu eta irakurzaletasuna sustatzeko pantailez ere baliatzea izan da asmoa”, azaldu dio ARGIAri Oier Etxebestek, Alberdania argitaletxekoak. Ez ditu helburu makalak proiektuak: hala nola irakurtzeko gaitasuna areagotzea, literaturzaletasuna handitzea, alfabetatze digitala hobetzea, taldeko ikaskuntzan jokabide egoki eta desegokien gogoeta sustatzea, edota kalitatezko literatur lan europarrak, literatura gutxitu eta ez hain ezagunak gazteen artean sustatzea.

Ekimenaren inguruko informazio gehiago lortzeko, sartu esteka honetan.

Gaiari lotuta, mahai-ingurua egin genuen ARGIAn, Mariasun Landa idazlea eta Xabi Salaberria eta Nora Uribeetxeberria irakasleak hizlari: Nola irakurzaletu ikasleak.

Ekimenaren aurkezpena. Alberdania