argia.eus
INPRIMATU
DBH eta Batxilergoko gazteei ikasketekin laguntzeko sarea sortu dute unibertsitateko ikasle boluntarioek
  • EHU eta NUPeko 100 ikasle boluntario baino gehiago inplikatu dira dagoeneko eta online ikasketak ezin dituztelako jarraitu edo zailtasunak dituztelako errefortzua behar duten ikasleei laguntza ematen diete. Apunteen bankua ere sortu dute, "egoera zail honetan baliabideak kolektibizatzea ezinbestekoa baita".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko apirilaren 23a

Etxean baliabide teknologiko nahikorik ez duelako, online klaseetan galtzen delako edo zernahi arrazoirengatik behar duelako, DBH, Batxilergo eta unibertsitateko lehenengo mailetako ikasleei laguntza eskaintzen ari dira Unibertsitateko Indar Batasuna ikasle mugimenduko boluntarioak.

Egoera okerrenean dauden ikasleak, ebaluazioekiko ziurgabetasuna, pandemiaren krisiak hainbatetan sortu duen koordinazio falta… izan dute buruan, ekimena abiatzeko orduan. “Hekuntzan eta gainerako arloetan baldintzak aldatzen ez diren bitartean, klase elkartasuna martxan jartzea dagokigu, egoerari aurre egiteko”, diote.

Nola egiten dituzte errefortzu eskolak?

Skype, Hangouts, posta edo telefonoa dira aukerak, bakoitzaren beharren arabera. Gertu biziz gero ere, eta segurtasun neurriak hartuta, aurrez aurre egiten dute. Harremanetan jartzeko bideak ere bat baino gehiago dira: posta (uibnazionala@gmail.com), mugikorra (688 646 697), Twitter (@UIBnazionala) eta Instagram (@uib_nazionala).

Honako arloetan ematen dute laguntza: Fisika, Kimika, Teknologia, Marrazketa teknikoa, Biologia, Geologia, Matematikak, Euskara, Gaztelania, ingelesa, Frantsesa, Latina, Grekoa, Filosofia, Historia, Artearen Historia, Ekonomia, Geografia.

Azkenik, ikasleek bidaltzen dituzten apunteak biltzen eta sarera igotzen doaz, denen eskura jartzeko. MEGA.nz sarean, Unibertsitateko Indar Batasunaren helbidean dago apunteen bankua. Emailez helarazi ditzakete ikasleek euren apunteak.

Donostian, euskarazko eskolako lanekin laguntzeko sarea

Bestalde, Donostian ere boluntario sarea jarri dute martxan herritarrek, kasu honetan Lehen Hezkuntzako haurrei euren eskolako lanetan euskaraz laguntzeko edota euskarazko mintzapraktika saioak haiekin egiteko. Konfinamenduaren ondorioz, haur eta nerabe askori euskaraz normaltasunez jarraitzeko aukerak murriztu zaizkielako hartu dute erabakia. Hainbat telefono eman dituzte eta honako honetara deitu daiteke informazio eske: 680 671 818