Ostirala arte iraungo duen Munduko Foro Ekonomikoak, elite ekonomiko eta politikoko 2.500 agintari inguru bildu ditu Davoseko luxuzko eski estazioan. Horren aurrean, aktibista ekologisten ekintzak ikusten ari gara, baina baita munduko aberatsenen adierazpenak, agintariei eskatzeko gehiago zergapetzea.
Pasa den astelehenetik abian da Davosen Munduko Foro Ekonomikoaren gailurra eta mundu mailako ehundaka agintari politiko eta ekonomiko bilduko dira bertan. 1971tik egiten da foroa, Klaus Schwab enpresari alemaniarrak sortua eta geroztik erreferentzia nagusi bilakatu da, batez ere munduan dauden desberdintasun sozialak oso agerian uzten dituelako.
Aurtengo edizioan 130 herrialdetan 2.500 ordezkari izango dira, bankuetako goi karguak, gobernuetako presidenteak eta enpresa handietako jabeak tarteko. Besteak beste Ukrainako gerraz, inflazioaz eta ekonomiaren mundu mailako balizko atzeraldiaz hitz egingo dute.
Astearte arratsaldean Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidenteak Europako industria "garbiei" laguntzeko plana aurkeztu du: Industria plan berdea deiturikoa, AEBetako eta Txinako lehiari aurre egitea helburu duena. 2030 arte urtero 250.000 milioi euroko diru-funtsa izango litzateke, industria "garbi" horietan inbertitzeko.
Hori barruan. Kanpoan, ekintzaileen protestak hasi dira. Astelehenean bertan Suitzako eski estazio horretara iristeko eliteen sarbide nagusia blokeatu zuten aktibista ekologistek: Alterrheingo aerodromoa. Klimaren Aldeko Zorra taldeko 15 ekintzaile inguruk aireportu pribatu horretan egurrezko egitura bat paratu eta zintzilik jarri ziren: "Ezin dugu %1 aberatsena mantentzen jarraitu" zioten pankartekin.
Eta bitartean, munduko 200 milioidun inguruk eskaera egin diete agintariei: "Aberatsenak zergapetu". Eskaera egin dutenen artean daude Abigail Disney, Disney inperioaren oinordekoa edo Mark Ruffalo aktore ezaguna: "Muturreko aberastasunari aurre egiteko ordua da, aberatsak zergapetzeko ordua", azaldu dute gutun ireki batean.