argia.eus
INPRIMATU
Davos 2016
Zer gai izango dute hizpide agintari politikoek eta enpresariek?
  • Robotak, terrorismoa, migrazioak edota desoreka sozialak izango dituzte hizpide Davoseko (Suitza) eski estazioan bildu diren agintari politikoek, enpresariek eta Leonardo DiCaprio bezalako hainbat pertsona famatuk. Urtarrilaren 23ra bitartean egingo den Munduko Ekonomia Foroak zortzi gai izango ditu ardatz, Graeme Wearden The Guardianeko kazetariak azaldu duenez.

Jon Torner Zabala @jtorner 2016ko urtarrilaren 20a
Errefuxiatuen krisi globala izango da Foroko ardatzetako bat.

Roboten hazkundea: Automatizazioaren eta makina geroz eta adimentsuagoen hazkundeak –4. industria iraultzaz mintzo dira adituak– negozio-lerro berriak irekiko dituela dio hainbatek. Beste batzuentzat, ordea, kezka-iturri da, lanpostu ugarirentzat mehatxua delakoan, emakumeen kalterako bereziki, bakoitzaren lan mota –orokorrean– aintzat hartuta.

Terrorismoa eta migrazioaren krisia: Errefuxiatuen krisi globalaren aurrean nola jokatu beharko litzatekeen azalduko dute, besteak beste, Jordania, Irak, Tunisia, Frantzia eta Alemaniako ordezkari politikoek.

Turbulentziak merkatuetan: Txinako agintari eta enpresariak herrialde horretako egoeraz eta aurrera begirako erronkez arituko dira, Arabiar Emirerri Batuetakoak eta Kuwaitekoak petrolioaz, Argentinako presidente Mauricio Macri krisiak garapen bidean diren herrialdeetan izan dezakeen eraginaz...

Klima aldaketa: Azken urteotan ez bezalako protagonismoa hartu dute ingurumen gaiek, Foroko gai-ordenari begiratuta bederen. Hainbat zientzialari –Solar Impulse proiektuaren arduradunak tartean– eta Leonardo DiCaprio aktorea energia berdeez edota klima aldaketaz arituko dira.

Europa: Europaz –ekonomiaz bereziki, Greziaz zehazki– hitz egingo dute Foroan parte hartuko dutenek. Litekeena da Alexis Tsipras lehen ministro greziarra Wolfgang Schäuble Alemaniako Finantza ministroarekin biltzea.

Desberdintasunak: Aberats eta pobreen arteko alde geroz eta handiagoari buruz ere eztabaidatuko dute Davosen, baita haurren eskubideez ere.

Medikuntza: Minbiziaz eta ebolaz arituko dira, beste gai batzuren artean.

Ziber-krimenak eta segurtasun globala: Ziber-krimenak ardatz, oro har segurtasunaz hitz egingo dute AEBetako fiskal nagusiak, Interpoleko buruak edota Amnistia Internazionaleko ordezkariek.

Davoseko Foroan izango diren politikari eta enpresarien artean daude, besteak beste: BBVA eta Iberdrolako presidenteak, Telefonica eta Repsoleko kontseilari delegatuak (tartean da Josu Jon Imaz), Erresuma Batuko eta Frantziako lehen ministroak, eta Europako Banku Zentraleko, Munduko Bankuko eta Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) buruak.