Irailaren 2an hil da David Graeber azken urteetako pentsalari anarkista ezagunenetakoa 59 urterekin, bere emazteak jakinarazi duenez. Veneziako ospitale batean hartu du asteazkenean azken hatsa.
"Atzo, munduko pertsonarik onenetako bat, nire senar eta lagun David Graeber hil zen Veneziako ospitalean", txiokatu du ostegun arratsaldean Nika Dubrovsky artista, idazle eta bere emazteak. Heriotza zerk eragin duen ez da jakin.
Yesterday the best person in a world, my husband and my friend .@davidgraeber died in a hospital in Venice.
— Nika Dubrovsky (@nikadubrovsky) September 3, 2020
David Graeber (New York, 1961) antropologo eta militante anarkista amerikarra zen, joera libertarioko pentsalaria. Burokraziari eta kapitalismoari egiten zion kritika akademikoagatik ezaguna, Londresko Ekonomia Eskolan irakasle zen hil zen garaian.
Politikoki aktibo izandako gurasoen semea zen. Aitak 1936ko Gudan borroka egin zuen Nazioarteko Brigadekin, eta bere ama Emakume Jostunen nazioarteko Sindikatuko kide zen. Graeberrek akademiaren arreta lehen aldiz deitu zuen, gaztetan hieroglifiko maiak itzultzeko zuen zaletasunagatik, The Guardianen irakur daitekeenez. New Yorkeko Estatuko Unibertsitatean eta Chicagoko Unibertsitatean antropologia ikasi ondoren, Fulbright beka entzutetsua irabazi zuen eta bi urte eman zituen Madagaskarren lan antropologikoa egiten.
2005ean, Yaleko unibertsitateak kontratua ez berritzea erabaki zuen bere lanaldia amaitu baino urtebete lehenago. Graeberrek publikoki salatu zuen bere iritzi politikagatik zela. 4.500 lankide eta ikaslek baino gehiagok bere aldeko manifestua sinatu zuten, eta unibertsitateak urtebeteko urte sabatiko ordaindua eskaini zionean, onartu eta Erresuma Batura joan zen. Lan gatazka hartan zer gertatu zen azaltzeko, ondorengo azaplena eman zuen The Guardianen: "Nire lana gehiegi maite nuela dirudi, eta gainera, okerreko klasekoa naiz: langile klaseko jatorria dut ". Londresko Ekonomia Eskolan hasi zen eskolak ematen.
2011n argitaratu zuen Zorra: lehen 5.000 urteak liburuak mundu mailako ospea eman zion. Dirua oinarri duten harreman sozial guztien atzean dagoen indarkeria aztertu zuen lan horretan Graeberrek, eta zorrak ezabatzeko eskatu zuen. Aldeko eta aurkako kritikak eragin zituen bitartean, pentsalari ugariren gorespen hitzak erakartzen hasi zen.
Berriki Bullshit Jobs: A theory liburua argitaratu zuen, lanari eta prekarietateari buruz. ARGIAk azken Gakoak liburuxkan hari egindako elkarrizketa eskaini du. Bertan defendatzen du, besteak beste, kapitalismoa "pitorik balio ez duten" lanpostuak sortzen ari dela, aitortza sozial handia eragiten dutenak, bizitzari eusteko ezinbesteko lanak inolako aitortzarik gabe mantentzen dituen bitartean. Industriaren automatizazioak langileek lan gehiago egitea ekarri duela, eta ez gutxiago, salatzen du.
Gaztetatik anarkista, Graeberrek kurduen askapen mugimendua modu irekian babestu izan du, bereziki Rojavan ikusteko aukera izan zuen "esperimentu demokratikoa". Aktibismoan ibilia, Occupy Wall Street mugimenduaren sorreran protagonismo berezia izan zuen, eta berari egozten dio jende askok "%99a gara" leloaren sorrera.
New York Times-en arabera, mundu anglo-saxoiko intelektualen artean eraginik handienetakoa izan duen intelektualetakoa izan da.