Ramon Cotarelo politologo eta idazleak berriki CUPeko parlamentari ohi David Fernandezekin izandako solasaldiaren laburpena argitaratu du Facebooken. Aipatzen duenez, hiru dira elkarrizketa honetatik ateratako ondorioak: gobernua osatuko da, presidente izateko hautagaia bi aldeek adostutako dute, eta ez da hauteskundeak aurreratzeko beharrik izango.
Presidentegaiaren aukeraketari dagokionez, Cotarelok dio momentuz blokeo egoera nabaria dela, CDCk hautagai legez Artur Mas proposatzen jarraitzen duelako eta CUPek momentuz hau inbestitzeari uko egiten diolako. David Fernandezek ihardetsi dio Mas ez babestearen erabakia irmoa dela, baina azken hitza asanblada irekiak izango duela. Cotareloren aburuz, CUPen jarreraren atzean ez dago gorroto edo ezinikusi pertsonalik, “eta hori poztekoa da, Masek orain arte egin duen lana balioan jartzekoa baita”. Fernandezek arazoa orain arte presidente izan denak irudikatzen duenean dagoela esan ei dio, eta Junts Pel Sí-ren barruan beste zenbait hautagai interesgarri egon daitezkeela iradoki.
“David Fernandez argi eta garbi mintzatu zait: hauteskundeak aurreratzea ez dago balizko aukeren artean”, jaso du Cotarelok. Bere esanetan, arestian aipaturiko blokeo egoerari adostasuneko hautagai batekin emango diote amaiera. “Alegia, hautagaia bi aldeek onartu beharko dute, nahiz eta denak pozik utziko ez dituen”. Politologo madrildarraren aburuz, Junqueras hautagai aproposa litzateke, baina zaila da une honetan Mas ez den norbait presidente gisa ikustea. Fernandezek adierazi dionez, egoerari konponbidea aurkituko zaio, “independentismoak bere lehen garaipena kudeatzean huts egitea aurrekaririk gabeko porrota izango bailitzateke”.
Gobernu sendo baten beharra
Halaber, Cotarelok ziurtzat jo du Espainiako Estatuaren “debekuzko neurri errepresiboen” aurrean CUPek desobedientziaren bideari helduko diola, instituzio zein gizarte mailan. Haatik, egoera horrek beste zerbait ere eskatzen duela deritzo: “Gobernu sendo bat edukitzea beharrezkoa izango da, Espainiako Estatuari erantzun eta gainontzeko herrialdeekin harremanetan jarriko dena”. Hori horrela, ziurtzat jo du gobernu hori osatu eta inbestidura gauzatuko dela.