argia.eus
INPRIMATU
David eta Goliat, denok itsu geratu arte

Patxi Azparren @fraixku 2023ko urriaren 23a

Judutarrek, musulmanek eta kristauek onartzen duten Bibliaren pasarte ezagunenetakoa David eta Goliaten arteko borroka da. Liburu horretan David aurretik azaltzen diren pertsonaiak (ia denak) mitoak dira, baita Sinaiko Basamortua astebetean zeharkatu beharrean, 40 urte galduta ibili omen zen Moises patriarka ere.

Halere, David erregea benetakoa izan zen, Burdin Aroko Israel izeneko erresumaren burua. Estatu indartsua egituratu zuen. Hirietan bizi ziren filistearrak zituen etsai jatorri ibiltari zuen judutar estatuak. Davidek jardun kolonizatzailea zeukan, eta filistearren lurralde emankorrak bereganatu nahi zituen.

Jaso dugun istorioan, David txikiak Goliat erraldoia akabatu zuen bere trebeziari esker. Ziurki israeldarrek filistearrek baino indar militar handiagoa izango zuten arren, kondairan, Goliat gaiztoa eta erraldoia gainditu zuen David txikia eta zintzoaren trebeziak.

Modu batean ala bestean izan, David eta Goliaten arteko borroka ahul eta indartsuaren arteko, zintzo eta gaiztoaren arteko, norgehiagokaren ikur bilakatu da gure imajinarioan.

Hitler, Franco, Mussolini eta beste gizon txiki asko indartsuenekin lerrotzen dira; pertsona txiki eta handi gehienok, aldiz, ahulen aldeko enpatia sentitzen dugu. Hori dela eta, gatazka bat sortzen denean, ahulari laguntzeko gogoa pizten zaigu, “Daviden” aldekoak izaten gara.

Baina... benetako historia hartan gertatu zen bezala, errealitatea beti konplexuagoa da, eta itxuraz ahul ala biktima gisa azaltzen dena, sarritan ere batera, borreroa izaten da.

Hamasek egindako sarraskia gure moraletik epaitzea ez da erraza; gure erosotasunetik, garagardo bat eskuan hartuta, Hamasen “gaitasun militarra” mirestea kezkagarria da

Azkeneko urteetan pairatzen ari diren gertaera distopikoen aurrean, noraezak euskarri iraunkorretara heltzeko premia areagotu da. Euskarriari erantzun sinple batez heldu diezaiokegula uste badugu, porrota segurua da, egun gertatzen ari diren gertaera soziopolitiko, ekonomiko eta kulturalen neurria eta konplexutasuna demasekoa baita. Konplexutasunera soilik konplexutasunetik hurbil daiteke.

Hautua egiteko beharra gatazka armatuetan nabarmenagoa da. Esaterako, gure etxeko telebistetan umeen erailketa ikusteak gure gogoan astindu jasanezina sortzen duelarik, errudun baten beharra sentitzen dugu: zigorra jasoko duena, eta zigortzeko gaitasuna izango duen “David”a.

Jugoslavia ohiaren gerran, Ruandakoan, Irakeko bi gerretan, Afganistanen, Ukrainan... eta orain, Gazan, gure onera ekarriko gaituen hautuaren premia dugu.

Tamalez, ez dugu irtenbide xumerik. Hamasek egindako sarraskia gure moraletik epaitzea ez da erraza; gure erosotasunetik, garagardo bat eskuan hartuta, Hamasen “gaitasun militarra” mirestea kezkagarria da; umeen erailketa justifikatzeko ahalegina egiteak beldurtzen nau; kolono armatuak Zisjordanian “Talion Legea” erabili izana ikaragarria da. AEBek eta Europar Batasunak Estatu Sionistak egin nahi duen erantzun genozida “autodefentsa” eskubidearen isla izan daitekeela esateari higuingarria deritzot; “autodefentsaren” izenean giza-krimenak egin daitezkeela esateak gure humanitatea birrintzen du.

Gandhik esan omen zuen: “Begia begi truk; hortza hortz tuk, eta mundu osoak itsu bukatuko du”. Orain ere David eta Goliaten arteko dialektikak edozer gauza justifikatu dezakeela onartzen badugu, ziur izan: denok itsu, mutu eta birrinduta bukatuko dugu. Antropozenoan, garai nuklearretan garaitu daitekeen gerra bakarra bakea baita.

Munduak pairatzen dituen gatazka armatu guztien aitzinean, benetan iraultzailea den jarrera, indarkeria-ezari eustea da, gatazken konponbide baketsuari eustea eta elkarbizitzarako hautuari zorrotz eustea. Gerrarik ez, ez Ukrainan, ez Boli Kostan, ez Gazan, ezta hemen ere.

Patxi Azparren