argia.eus
INPRIMATU
Davant/Matalaz aferaren inguruan zenbait hitz

Enrique Aramendia 2023ko urriaren 20a

"Matalaz/Lertxundi" ikusi ohi da Matalaz abesti sonatuaren egileak zeintzuk diren begiratuz gero. Haatik, mende erdi baten bueltan, Jean-Louis Davantek aitortu du publikoki Matalazen azken hitzak berak asmatuak direla, eta "hutsa hastean" egin zuela, lehenago ez esateagatik. Ohikoa da jabetza intelektualaren aldarria (nork berarena edota besteena ere). Ez da hain ohikoa, ordea, jabetza horri uko egitea, ez bada lotsaz edo asmo gaiztoz egindako zerbait. Matalaz poema ez da lotsatzeko ez asmo gaiztoz egindako gauza bat. Zergatik gorde isilean?

Davanten erantzuna ezagutzea arras egokia da (hori bezalakorik ez dago!). Baina nago honek guztiak gure (eta, oro har, kultura guztien) tradizio eta mitoei buruzko informazioa ematen digula. Lehendabizi afera laburbilduko dut, eta gero zenbait hausnarketa paratuko ditut.

Aski ezaguna zaigu Matalazen istorioa. XVII. mendean Mitikileko erretorea zen Bernard Goihenetxe, Matalaz ezizenez. Errege eta jauntxoen ondasun publikoarekiko politika xelebre eta alderraia zela eta, Matalazek 7.000 laborari zuberotarren altxamendua gidatu zuen, 1661an. Lau hilabete pasa eta gero altxamendua menderatu egin zen, eta Lextarreko "khürütxe xürian" Matalazi lepoa moztu zioten.

Matalaz poema nola sortu zen, ordea, ez da horren ezaguna. Hona hemen labur-labur (nagusiki, Berrian egindako elkarrizketa eta Enbata aldizkarian publikatutako testutik jasoa):

a. 1956ko udan Davant ikaslea Beñat Artegiet Mitikileko apaizarengana joan, eta hartatik jasotzen ditu Matalazen ustezko azken hitzak: "Dolü gabe hiltzen niz, bizia Ziberoarentako emaiten baitüt. Agian, agian, egün batez jeikiko dira egiazko ziberotarrak, egiazko eüskaldünak, frantses zorrikeria horren ohiltzeko eta gure aiten aitek ützi daikien lurraren popüliari erremetitzeko!".

b. Davanti hitz horiek desegokiak iruditu-edo, eta "frantses zorrikeria hori" ordez "tirano arrotzak" jartzea erabakitzen du. (Geroztik damutu zen, jauntxoak zuberotarrak zirela konturatzean).

c. 1970ean Davantek Histoire du peuple basque/le peuple basque dans l'histoire argitara ematen du. Hantxe, estreinako aldiz, Matalazen azken hitzak jasotzen dira. Davant hitz horien benetako jabetzaz isilik egoten da, argitasun handirik eman gabe: "C'est du moins ce que nous rapporte la tradition orale" ("Hala esaten digu behintzat ahozko tradizioak").

d. 1981ean Benito Lertxundik poema jasotzen du Altabizkar/Itzaltzuko bardoari diskoan. Abestia honela sinatzen da: Matalaz/Lertxundi. Jatorrizko "tirano arrotzen ohiltzeko" hori "tirano arrotzen hiltzeko" bilakatzen da. Davant kexu agertzen da, oraindik ere jabetza aldarrikatu gabe.

e. 2023an, publikatu eta mende erdi geroago, hitzen desitxuratze etengabearekin asperturik, Davantek publikoki onartzen du berak asmatuak direla. Hainbat tokitan onartzen du: haren Baskoniako notiziak iparretik ikusiak (2022: 280-281) liburuan, Enbata aldizkariko kronika batean eta Berria egunkarian egindako elkarrizketa batean.

Sinboloen balioa ez da egia literala, baina sinboloek egia bat behar dute izan. Sinboloak hedatzean, anonimotasunak eta herrikoitasunak sinboloen komunikazioari laguntzen diote. Hortaz, ez da kasualitatea Davanten isil egote luze hori

Ez naiz hemen kontu subjektiboez ariko. Davanten lan aparta zalantzan ez dago. Aldarrikatu eta, batez ere, irakurri behar da. Hala ere, historialari baten ikuspuntutik, bistan da arazo larri batzuk badirela. Hasteko, telefono apurtu bat. Batetik, Matalazen azken hitzen itzulpen librea (Artegiet/Davantek egina). Bestetik, poema baten itzulpen librea (Lertxundik egina). Bigarren, informazioaren benetako iturriak ezkutatu dira. Eric Hobsbawnek salatzen zituen "invented traditions" (asmatutako tradizioak) horien adibide argi bat da. Matalazen azken hitzak asmakizun hutsa baitira.

Hori guztia onartuta ere, bat-bateko zenbait hausnarketa egitea komeni da. Lehendabizi, mitoa eta historiaren arteko ezberdintasuna betiko azpimarratu beharra. Matalaz poema arte espresio gisa hartu behar da, ideia bat gordetzen duen poema eder bat. Eskola katoliko batean ikasi duen edonork uler dezake zertaz ari naizen. Biblia, egia literalak ez diren egia erlijiosoez beterik dago, Genesiatik hasita. Poema edo mito baten arrakasta eta ponpa ez datoz soilik egia izatetik, baizik eta haren balio artistiko eta sinbolikotik. John Armstrong politika ikerlari primordialistak kontzeptu interesgarri bat eskaintzen digu, alegia, mito-sinboloaren konplexua, non mitoa, sinboloa eta komunikazioa uztartzen diren. Mitoa edukia da. Sinboloa medioa da, bitartekoa. Komunikazioa sinboloaren hedapena da, etengabe zaharberritzen duena. Matalazen altxamendua eta heriotza tragikoa mitoa da. Matalaz poema eta abestia sinboloak dira. Matalazen mito horren elibat mugarri komunikatibo nabarmentzen ahal dira. Lehena, Davantek Matalazen azken hitzak argitara ematean. Bigarrena, Lertxundiren abestia publikatzen denean.

Sinboloen balioa ez da egia literala, baina sinboloek egia bat behar dute izan. Sinboloak hedatzean, anonimotasunak eta herrikoitasunak sinboloen komunikazioari laguntzen diote. Hortaz, ez da kasualitatea Davanten isil egote luze hori. Beste aldetik, hastean egia ez esateagatik, aurrerantzean hitzen manipulazioa salatzeko oztopo bat izan du Davantek. Desitxurapen batek beste desitxura baten salaketa galarazten du. Oraingo aitortzak kate hori eten egin du.

Enrique Aramendia Muneta, argileku.eus