Maider Likona informatikariak gidatutako solasaldi baten bidez, Alexis Guirlé Izarralde taldeko zuzendariak eta Xabier Garmendia Abaila kooperatibako kideak datu zentro lokalak eskaintzen dituzten euren proiektuei buruz hitz egingo dute. Era berean, datuen kudeaketa lokalari buruz hausnartuko dute urriaren 17an Donostiako San Telmo museoan egingo den Euskarabildua jardunaldian.
Erabiltzen dugun teknologiaren ezaugarriak eta teknologia horien gainean dugun kontrola edo burujabetza maila bezain garrantzitsua da gure datuen kokapena, pribatutasuna eta kudeaketa. Datuen kudeaketa eta zaintza lokala, datu zentro lokalak, eskala txikiagoan sortutakoak, euskarazko corpusak eta informazioa ere metatzen dutenak, beharrezkoak dira, gure beharretara egokitutako teknologia sortzeko, lantzeko, gure hizkuntzari balioa emateko; teknologia gizakiaren mesedera erabiltzeko eta ez alderantziz. Euskal Herrian sortzen ari dira maila honetako ekimenak. Izarralde taldearen baitako IzarHost datu zentroa eta Zumaiako Abaila kooperatiba horren adibide dira.
Hain zuzen ere, Euskarabildua jardunaldian Alexis Guirlé Izarralde taldeko zuzendariak eta Xabier Garmendia Abaila kooperatibako kideak euren proiektuen nondik norakoak azalduko dituzte eta Maider Likonak gidatutako solasaldian datuen kudeaketa lokalaren beharrari eta garrantziari buruz solastuko dira.
Maider Likona informatikan ingeniaria da. 2005ean GISA software librea sustatzeko helburua duen elkartea sortu zuen. Horren ostean Bikonet kooperatiba sortu zuen eta egun, bertan goi teknikari bezala lanean ari da. Telekomunikazio azpiegituren alorrean ezagutza handia dauka. Likonak, Guirlék eta Garmendiak gaiaren ezagutzatik erabiltzaileei benetan arduratzen dieten gaiak mahai gaineratuko dituzte: Nola ordaintzen da hodeia? Zer gastu suposatuko luke Euskal Herri guztiko pertsonei zerbitzu duina eman diezaiokeen datu zentru bat (edo gehiago) sortu eta mantentzea?
Zer da Euskarabildua?
Euskara eta teknologia elkartzea helburua duen jardunaldi dibulgatzailea da, gizartean eragin nahi duen ekimen berritzaileentzako hausnarketarako eta zabalkunderako gunea, euskal gizartean eta euskaran aplikagarriak diren ezagutza eta berrikuntza teknologikoen sustapenerako aukera ematen duena.
Iametzak, Argiak eta Ametzagaiñak elkarlanean antolatzen dituzte 2012az geroztik jardunaldiok. Aurten urriaren 17an egingo da San Telmo museoan goizeko 09:00etatik hasita.