argia.eus
INPRIMATU
Datuak, gogoetak eta txakur-ametsak

Mikel Aramendi 2024ko urtarrilaren 16a
Taiwango presidente Lai Ching-te / Wikimedia

Joera argi samarra erakusten zuten datuek hasiera-hasieratik. Taiwango presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeen boto-kontaketak, asiar doitasun eta abiadurarekin, aurrera egin ahala, tarte gutxi geratzen zen interpretaziorako

Inkesta guzti-guztiek aurresana zuten bezala, “berdeek”, Tsai egungo presidentearen Alderdi Demokratiko Progresistak, irabazi ditu presidentetzarako bozketak, 2016an eta 2020an bezala, baina ehunekoan nabarmen behera eginda 2016 eta 2020ko emaitzen aldean (eta hori ere inkestek aurreratzen zuten). Haren aurkari historikoak, Kuomintang “urdinak”, ere behera egin du 2020ko emaitzen aldean. Hirugarren alderdia, Ko Wen-jeren Taiwango Herri Alderdi “ziana” izan da nolabaiteko “irabazle morala”, eta haren gorakadak argitzen du beste bien beherakada. Parte-hartzeak ere ez zirudien egundokoa izan behar zuenik, eta horixe izan zitekeen, agian, ezusteko samarra. 

Kontaketa amaituta, lehen irudipenak berretsi baino ez ziren egiten. Gobernu-alderdiak, eutsi bai, baina bi milioi eta erdi boto –ia herena– eta % 17 galduta eusten dio presidentetzari. Kuomintagek ere bost ehuneko galdu ditu. Haien galerak, itxura guztien arabera, status quoari eutsi eta bi alderdi nagusien aurka arazo sozioekonomikoak lehenestea aldarrikatuta kanpaina egin zuen hirugarrenak bereganatzen zituen. Eta abstentzioak, zertxobait handitu egin baita hura ere. 

Emaitza horien errematea, hauteskunde parlamentarioetan berresten zen: “urdinek” “berdeei” aurrea hartzen zieten gutxigatik, eta benetako erabakimena hirugarrenen mende geratzen da, historian lehen aldiz gehiengo osorik izango ez duen Parlamentu batean. 

Egitate horren oinarrizko irakurketa politikoak ere ez zuen aparteko zailtasunik: gutxiengoan agintea edukiz, bururaino eraman ez ezik nekez jarri dezakete abian “berdeek” beren agenda politikoaren zutarria den independentzia, beste biek, ozen edo herabeago, ezesten dutena. Kanpainan bertan iradokitako joera da hori, aldarrikapenak iritzi publikoan gero eta harrera epelagoa aurkitzen zuela kausitu ahala. 

Baina, hara non, deigarri samarra gertatzen den ahobatezkotasunarekin, Mendebaldeko iritzigileek ebatzi duten... Beijing izango litzatekeela Taiwango hauteskundeen galtzailea, batere gogoko ez duen Laik irabazi omen duelako. Besterik esperoko zutelako, agian? Eta ifrentzuan: horren asegarriak ote dira emaitza horiek segituan Lai-Hsiao tandemari animoak ematera edo atera den Bidenentzat?  

Bizkitartean, baten batek “neurritsua” deitu duen erantzuna ematera atera da Beijingen hirugarren mailako arduradun erdi-anonimoren bat. Beti-betiko dotrina jaulkitzera. Lehen mailakoak lotara joan