Etxepare Institutua zuzendaririk gabe geratu da, duela urtebete kargua hartu zuen Miren Arzalluzek Parisko Moda Institutua zuzenduko duela iragarri ondoren.
Aizpea Goenagaren eskutik jaso zuen Arzalluzek Etxepareren lekukoa, baina gutxi iraun du karguan. Parisko Palais Galliera zentroa zuzenduko du aurrerantzean. Frantziako Estatuko hiriburuko alkatetzak iragarri zuen astelehenean berria, esplikatuz ordura arte moda institutua zuzendu zuen Olivier Saillardek kargua utziko zuela iragartzean hasi zela nazioarteko lehiaketa ordezkoa aukeratzeko.
Arzalluz lehenago ere moda munduan aritutakoa da, Balenciaga museoan zazpi urtez lan egin zuen eta formazioz alor horretan espezializatuta dago. Parisko Moda Institutuarekin kolaboratutakoa zen Etxeparera iritsi baino lehen.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eskerrak eman dizkio Arzalluzi eta azaldu du datozen egunetan jakinaraziko dutela nor izango den euskal kultura nazioartekotzeko xedea duen erakunde publikoko hurrengo zuzendaria.