Larunbatean Lezon eta Bilbon. Igandean berriz, 50 herritan aldarrikapen mosaikoak osatu dituzte herritarrek, plaza publikoa berreskuratzeko egindako ekimenean.
Gure Eskuk herritarrei haien aldarrikapenak kartoi zatian idatzi eta sare sozialetan zabaltzeko eskatu zien, ondoren, aldarrikapenok herriko plazetara eramateko. Ekainaren 6an eta 7an egin dute hainbat herritan eta hilaren 21ean Nafarroan egingo dute.
“Hemen erabaki, herritarrok erabaki” lelopean egin dute ekintza. Antolatzaileek adierazi dute beharrezkoa dela bizi dugun krisiari eta datorrenari Euskal Herritik eta denon artean erantzutea. Tokiko erabaki burujabeak aldarrikatu behar direla azpimarratu dute.
Norbanakoek herriko plazetara eramandako mezu-kartoietan mota askotako aldarriak jaso dira: arrazakeriaren kontrakoak, ingurumena babestearen aldekoak, zerbitzu publikoak defendatzekoak, errepublikaren aldekoak, espetxeak hustea eskatzen zutenak, mezu feministak...
Irati Elizalde Gure Eskuko kideak ondoko mezua azaldu zuen asteburuko ekitaldian: “Osasun krisiari eta datorren krisi sozial eta ekonomikoari ezin zaie herritarroi bizkarra emanda erantzun. Herritarrokin hemen, Euskal Herrian, hartu behar ditugu erabakiak. Iruditzen zaigu baliatu beharko genukeela inflexio puntu hau herri gisa hausnartzeko, herri gisa eztabaidatzeko, erabakiak hartzeko eta beharrezkoak diren aldaketak bideratzeko”.