argia.eus
INPRIMATU
Datorren ikasturterako bi bertso eskola feminista antolatu ditu Bertsozale Elkarteak
  • Emakumeek egiten duten Ahalduntze Bertso Eskolak bosgarren ikasturtea egingo du eta lehen aldiz Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista antolatu du Bertsozale Elkarteak. Bi bertso eskoletarako izen-ematea irailaren 9tik 20ra bitartean egongo da zabalik.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2019ko ekainaren 28a
Ahalduntze Bertso Eskolan, Ainhoa Aranburu gaia jartzen eta Maialen Akizu eta Amaia Iturrioz bertsotarako prest. Argazkia: Bertsozale Elkartea.

Emakumezkoen zein gizonezkoen bertso eskola feministek hiru oinarri hauek izango dituzte (sorreratik Ahalduntze bertso eskolak izan dituen berak): Aniztasuna, konpromisoa eta esperimentazioa. Aniztasunaren barruan ulertzen da adin, bertso maila, izaera, zein feminismoko ikuspegien arteko aniztasunari leku egitea. Horretarako, zaintza talde dinamikaren oinarrian jartzen dute. Konpromisoa da bertso eskolan parte hartzeko eskatzen den baldintza bakarra, alegia, ikasturtean zehar saioetara etorri eta bat-batean jarduteko jarrera hartzea. Eta esperimentatzeko gune gisa ulertzen dute bertso eskola hau, etengabeko bilakaeran.

Ahalduntze Bertso Eskola plazarako trebatu nahi duten gai-jartzaileentzako ere izango da

 2015-2016 ikasturtean abiatu zen Ahalduntze Bertso Eskola. 26 bertsolarik hartu dute parte orain arte, eta gai jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea aritu dira. Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, egitasmo honen hazia bertso munduko emakumeen bi topaketetatik etorri zen: 2013ko Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu zituzten, eta 2014ko Azkizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zuten. Hala sortu zuen Bertsozale Elkarteak Ahalduntze Bertso Eskola, emakume bertsolarien plazaratzea sustatzeko asmoz. Espazio hori emakume bertsolarien parte hartzearekin diseinatu zuten.

Datorren ikasturtean, beste pauso bat emango du Ahalduntze Bertso Eskolak, plazarako trebatu nahi duten emakume gai jartzaileentzako ere izango baita. Gai jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal ariko dira.

Gizonezkoen bertsolarien eskaerari erantzunez

Bertsozale.eus webguneko albisteak azaltzen duenez, "hainbat gizonezko bertsolarik aipatu izan dute feminismoa lantzeko espazio honen beharra. Bertsolari gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko zaie, talde dinamikak nahiz adituen edota arituen ekarpenak izango dituzte bertsolariek saioz saio, eta gogoetarako eta esperientziak partekatzeko espazioa egituratu nahi da". Hilero larunbat goiz batez egingo dute gizonezkoen bertso eskola hau eta bertsotan egiteko espazioa ere izango da. Arkaitz Goikoetxea eta Iker Iriarte ariko dira saioen gidaritzan.