Hitzarmen duin bat aldarrikatzeko, Nafarroako garbiketa sektoreko sindikatuek grebara deitu dute apirilaren 13, 14, 15 eta 16rako. Mobilizazio ugari egin dituzte azken asteetan eta orain arte emaitzarik izan ez dutenez, LAB, CCOO, ELA, UGT eta Solidari grebara doaz.
Grebaren berotze lanetan, ostiral honetako 6:00etan garbiketetako bi langile ISN garbiketa enpresako kamioi batera igo dira Beriainen eta N-121 errepidea moztu dute. “Hitzarmena blokeatzen duen enpresa baten kamioia izanik, errepidea blokeatu dugu”, adierazi dute LAB sindikatutik.
Horrez gain, sindikatuek ostegunean agerraldia egin zuten, garbiketako grebaren aurrean Hezkuntza Sailak ezarritako gutxieneko zerbitzuak salatzeko. Hezkuntza Sailak %100eko gutxieneko zerbitzuak jarri dizkie grebalariei. Garbiketako langileek ikasle eta hezkuntza arloko ordezkari sindikalekin batera egin zuten agerraldia. Sindikatuen ustez, neurri honek praktikan grebarako eskubidea murrizten du. “Ikastetxeen garbitasun erabatekoa bermatzeko –diote sindikatuetako ordezkariek– Carlos Gimenori aholkatu diogu bere sailak kontratatzen dituen enpresak presiona ditzala negoziazio mahaira buelta daitezen eta ez dezala garbiketa bermatu garbitzaileen grebarako eskubidea urratuz”.
Sindikatuen esanetan, langileek urteak daramatzate soldata izoztuarekin eta soldata arrakala handia pairatzen, “eta gaixotzen garenean nominetan murrizketak jasotzen ditugu oraindik ere”, adierazi du LABeko Maria Urrutiak. Sektorea oso feminizatua da, eta gero eta lanaldi laburragoak ditu.
Lan hitzarmenari begira aurten hiru alor mahaigaineratu dute sindikatuek: bat, soldatak KPIren gainetik igotzea; bi, bajetan ordaintzen diren osagarriak berresturatzea eta hura %100ean kobratzea; eta hiru, lanaldiak handitzea, soldata horretatik bizi ahal izateko moduan. Oraingoz behintzat, patronalak muzin egin die eskaerei. Hori dela eta, sindikatuek grebara joko dute datorren astean.
Hemen ekintzaz eta aldarrikapenez LABek zabaldu duen bideoa: