Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren Dasatskisi filma izan da Zinemaldiaren 68. edizioko irabazle nagusia, palmares ofizialeko lau sari eskuratuta. COVID-19ak erabat markatutako edizioa izan da aurtengoa eta Kursaal auditorioko galan ere nabaritu da hori larunbat gauean.
Kursaal erdi huts baten aurrean banatu dira Donostiako Zinemaldiaren 68. edizioko sariak. Segur aski antolatzaileek aurreikusia zuten gala hotz samarra izango zela larunbat gau honetakoa eta, horregatik, zuzeneko musika eta dantzarekin osatu nahi izan dute ikuskizuna, bide batez aurten zendu den Ennio Morricone musikariari omenaldi txiki bat eginez.
Sail Ofizialeko sariei dagokienez, irabazle argi bat utzi du gauak: Dea Kulumbegashvili zuzendari georgiarraren Dasatskisi / Beginning. Gidoi, zuzendari, emakumezko aktore eta pelikula onenaren sariak eskuartu ditu Jehovaren lekukoen komunitate batek jasaten duen eraso batetik abiatzen den pelikula berezi honek.
Kulumbegashvili sari-banaketan bertan egon ahal izan den arren, irabazleetako askok bideo bidez eskertu dute saria. Hala gertatu da adibidez Druk film daniarra protagonizatzen duten lau aktoreekin: haiek irabazi dute gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra; Nakuko wa ineega pelikula japoniarrak eskuratu du argazki onenaren saria (akats bat medio, saridunen izena esan aurretik haien bideoa pantailan agertu da) eta epaimahaiaren sari berezia berriz Julien Templek zuzendutako Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan dokumentalak irabazi du.
Bestalde, David Perez Sañudo zuzendariaren Ane pelikulak jaso du Euskal Zinemaren Irizar Saria. Maider Oleagak epaimahaiaren izenean hitz egin du galan eta, azaldu duenez, saria erabaki dutenek aho batez erabaki dute aipamen berezi bat egitea Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamasek zuzendu duten Non dago Mikel? dokumentalari ere.