Sarraskia, pornografia bihurtu da azken egunotan Euskal Herrian, Orion (Gipuzkoa) jazotako gertaera lazgarriaren ondotik. Gizon batek bikotekide ohi emakumezkoa erail zuen astearte arratsaldez, kalean bertan, haur parke batetik metro eskasera. Hilketa matxistak gizartea –beste behin– astindu duela esatea motz geratzen da –azken bi hamarkadatan, Euskal Herrian, 118 emakume hil dituzte indarkeria matxistaren ondorioz–.
Kalean, jende asko pasatzen den lekuan, eta egun argiz gertatu izanagatik hartu du gertakariak, ziurrenik, bestelako morbositate puntua. Baina inola ere ezin da justifikatua izan. Kazetari honen sega-potora ahots-mezu bat heldu zen gertakaria jazo eta ordubete pasatxora. Whatsapp-ak berak zioen “askotan birbidalita” zetorrela. Hainbat detaile ematen zituen mezuak, gerora jakin direnak ez zirela egiak. Baina berdin dio erdi-egia edo erdi-gezur ziren ala ez. Kontua da minaren sekulako banalizazioa eman dela, eta horrek sufrimenduaren kronifikazioa ere badakarrela atzetik, eta halako jokabideen nolabaiteko onarpena ere bai. Izan ere, emaitza da, axolagabekeria handiz, sarraskitik sortu dugula drama oinarri duen pelikula odoltsua. Birritan pentsatu gabeko ekintzen ondorio izan dela pentsatu nahiko dugu, baina akaso barnean daramagun gizatasuna, gizatasun-eza da gaitza. Ze nezesidade dago aldamenean bizi, etxeko leihotik argazkiak egin eta sareetan partekatzeko, eta jaso duenak, areago, partekatzen eta mina elikatzen jarraitzeko. Argazki horiek ikerketarako balio bazezaketen gaitz erdi, behintzat funtzio bat beteko zuketen-eta, hala balitz ere, uste dut, kuadrillako lagunek ez zuketela lagunduko hilketa ikertzen. Bide batez, alkateak kargua hartu izana, kanpaina egiteko kartelak alboan utzita, hain une lazgarrian hain argi hitz egitea, txalotzekoa da.
Esango nuke halako sentsazionalismo mailarik aspaldian ikusi gabeak ginela, eta ondo elikatu zuten hainbat hedabidek. Argazkiak sareetan partekatzea deitoragarria bada, are penagarriagoa eta tamalgarriagoa da mina besterik kontatzeko ez duten dozena bat argazki publikatzea, eta biharamunean portada odoltsuak eskaintzea. “Hilketa matxista krudela” zioen egunkari batek hurrengo eguneko titularrean; azken orduetako haien jokabideak ere izan ziren krudelak. Beste egunkari batek, kontu horiez gain, kontatu digu hiltzailea “tipo arrunta” zela, eta jakin ahal izan dugu hilketa gauzatu aurretik non hartu zuen kafea eta non aparkatu kotxea. Informazio hori gabe ez genuke lasai lo egingo, edo ez dakit... Eta krimeneko arma ere ikusi dugu hainbat albiste janzteko, odolez zipriztinduta. Bi komunikabide horiek, 36 orduko epean, hogeina txio inguru eskaini zizkioten gaiari, xehetasun guztiekin gainera, nola bestela.
Bi egunkari gipuzkoar horiek diru publiko poltsa handiak jasotzen dituzte urtero-urtero, haien zerbitzuak herritarren behar eta eskubideei erantzuten dielako. Albisteren batean kontatuko zuten Orioko alkateak “erantzukizunez jokatzeko” eskatu duela argazkien erabilera eta hedapenarekin. Norbaiti, akaso, piztuko zitzaion bonbilla.