Aldizkakotasun handia eta ezegonkortasuna ere batzen zaizkio dantzari profesionalen errealitateari; hala ondorioztatu du azken txostenean Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak. Hamarretik hiru gizonezkoak dira, baina portzentajez, emakume eta pertsona ez-binarioak baino egoera ekonomiko hobean bizi dira.
Urtez urte eta hamarkadaz hamarkada, dantzari profesionalen egoerak prekarioa izaten jarraitzen du. Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkarteak eta Kulturaren Euskal Behatokiak elkarlanean egindako txostenaren arabera –aintzat hartu behar da beti ere, dantzari profesionalen kasua aztertu dutela eta ez aisialdiko jarduna–, bi dantzari profesionaletik batek ez ditu urtean 10.000 euro baino gehiago irabazten, aldizkakotasun handiarekin gainera. Nolabait ere, intuitiboki jakina zena kontrastatu eta baieztatzeko moduko txostena izan dela adierazi dute.
%72k nolabaiteko lotura ekonomikoa dute administrazio publikoarekin, eta kasuen %47an, kontratazio publikoek diru-sarreraren %46 baino gehiago hartzen dute. Hau da, argi dago sostengu nagusia instituzioetan dagoela, baina kasurik gehienetan motz geratzen dira ekimenak, gaur-gaurkoz prekarietatea handia baita. Are gehiago, lan egin eta kotizatutako hilabeteen artean ere desoreka oso handiak atzeman dituzte txostenean.
Arrakala generoaren arabera
Inkestan parte hartutako dantzari profesionalen 10etik 6 baino gehiago emakumezkoak ziren; 10etik 3 gizonezkoak eta %7 ez-binarioak. Adinaren arabera, desoreka nabarmenik egon ez arren, gehienak 40 eta 50 urte artekoak direla ondorioztatu da; eta, azpimarragarria, ikasketa-mailaren arabera dagoen oreka.
Aurrez aipatu dugu, dantzari guztien erdiak irabazten dituela urtean 10.000 euro baino gehiago; aldiz, gizonezkoen kasuan, %70era igotzen da portzentajea. Pertsona ez-binarioen kasuan, hirutik bakarrak.